Mikel Aramendi Kazetaria
Anchuriak betiko lekuan jarraitzen du
William Sydney Porterrek utzi zizkigun kontu horietako bat, «Azaburuak eta erregeak» bereziki ospetsua izan da, bertan agertzen delako lehen aldiz «banana republic» kontzeptua, geroztik teoria politikoan ere errotua
Hiru era ezberdin daude, gutxienez, Hondurasko krisi politikora hurbiltzeko. Eta bide bakoitzak aurrebaldintzatzen ditu konklusioak. Edota salatzen aurreiritziak...
Hemisferio hartako nahiz honetako ikuspegi aurrerakoiek darabiltena litzateke hausnarbideetako bat: estatu kolpearen itxura eta egitura osoa duen hori estatu kolpea da. Betidanik Latinoamerikan estatu-kolpeak eman ohi dituztenek emana; betikorako... Eta iragana etorkizun ere izan daitekeela adieraziko luke, funtsean. Ezkorra eta triste samarra gerta daiteke ikuskera, demokraziazko konponbideetan sinesmena dutenentzat behintzat.
Agintari berriekin (?) begirunea (edo behintzat Zelayarekiko arrangura) nekez disimula dezaketenek darabiltena litzateke bigarren ulerbidea: Hondurasko Konstituzioak hau eta bestea dioela, eta bertako Parlamentuak eta Auzitegi Gorenak halakoa eta honelakoa ebatzi dutela... Baikorra ez ezik, zuzena ere gertatuko zaie ikuspegi hori legeen letra (haien interpretatzaile ofizialen kaligrafian, noski) sakratua dela deritzotenei. Beste ezer baino lehen legeen nondik norakoa begiratuz hasten garenok, ordea, ezingo dugu ahantzi nor izan zen Hondurasko egungo Konstituzioaren benetako aita: John D. Negroponte, Ameriketako Estatu Batuetako enbaxadorea 1981etik 1985era herrialde hartan, eta gero gerokoak. Eta, jakina, XX. mendearen azken laurdeneko tipo siniestroenetako honen idazlanetako edozeinen aurrean belaunikatzea kosta egiten da.
Hirugarren ikusmoldea, entretenigarriena agian (ezkor eta ilunena gerta badaiteke ere azkenean), orain ehun urteko beste estatubatuar baten idazlanetan aurki genezake. Egia esan, ezer gutxi lukete komunean John Negropontek eta O. Henry izengoitiaz ospetsu egin eta 50 urte bete gabe zirrosiak eraman zuen William Sydney Porterrek. Ezta sorterria ere. Eta komunean luketena, Hondurasen eginiko egonaldia, ezin kontrajarriagoa: kontaezinezko krimenak egin eta eginarazteko erabili zuen Negropontek, baina zigorrik gabe joango da Josafatera, ziur asko; lan egiten zueneko banketxeko kontuekin izandako gorabeheratxo batengatik (jakizu ea gaur egun delitua ala merezimendua litzatekeen halakoa!) ihesi iritsi zen Porter eta, azkenean, AEBetara itzuli eta presondegira joan behar izan zuen. Hori bai, joan-etorri horretan XX. mendearen hastapenetako konturik liluragarrienetako batzuk utzi zizkigun, Negroponteren konstituzioak baino askoz eder eta estimagarriagoak.
Kontu horietako bat, «Azaburuak eta erregeak» bereziki ospetsua izan da, bertan agertzen delako lehen aldiz «banana republic» kontzeptua, geroztik teoria politikoan ere errotua. Hondurasen idatzia eta bertan lekutua da kontua... Beno, Anchuria deitzen dio O. Henry-k alegiazko herrialdeari, irakurlearen adimenari gehiegizko esfortzurik exijitu gabe istorioan isekatzen zituen gorila eta oligarkei («De Vega» edota «Pilar» jeneralei, demagun) haserretzeko aukera nabarmenegiak ez eskaintzeko edo.
Etsigarriena da denborazko ñabardura agerikoenak kendu edota moldatuz gero, duela mende bete ez baizik, oraintsu idatzitako kontua dirudiela.