GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Jon Goiorekin, hamaika dira Ipar Euskal Herrian atxiloturik segitzen duten herritarrak

A.MANTEROLA

Non eta noiz gertatu zen zehaztasunik ez badago ere, agentzia espainolak iturri hartuta, atzo goizean jakin zen Jon Goio militante abertzalea ere atxiloturik zegoela. Garzon epailearen aginduz, duela hilabete batzuk kontuak blokatu zizkioten Goiori eta Zigor Goieaskoetxearekin batera Madrilgo Auzitegi Nazionalean aurkezteko deiari muzin egin zion publikoki.

Horrenbestez, Ipar Euskal Herriko hamaika herritarrek atxiloturik jarraitzen dute egun. Larunbatean arrastatutako Xan Beyriek atzo abokatu baten bisita jasotzeko eskubidea zeukan, baina prozedura sekretupekoa izaki, ez da ziurtatu ahal izan egiaz ukan duen ala ez.

Askatasunak gogor salatu du «Espainiako prentsak atxiloketez informatzen duten bitartean», familiek inolako berririk ez izatea, horrek sortzen dien «itolarria» nabarmenduta. Jokamolde horiek eta «sarekadak eta eguneroko zapalkuntza gauzatzen duten politika faxista» gogor arbuiatu ditu Askatasunak «Euskal Herrian bizi dugun gatazka gaiztotu eta luzatu besterik ez duelako egiten».

ABk polizia operazioa salatu du eta «jada egoera nahasia denean, instituzio eta hizkuntzaren eskakizunak erantzunik gabe daudelarik» eta Jon Anzaren desagertzea segitzen duelarik, «giro politikoak ez zuela horrelakorik behar» adierazita, «euskal arazoa ez dela errepresioarekin konponduko» gogoratu du.

Atxiloketak salatzeko, elkarretaratzeak egin ziren atzo Baionan (250), Kanbon (180), Lartzabalen(130) eta baita Lizartzan ere (100), Agirrebarrenatarrak bertakoak baitira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo