Jaizkibel «babestea» aldarrikatuko dute jai giroan, larunbat honetan
Jaizkibel Bizirik Eguna ospatuko dute larunbat honetan Pasai Donibanen. Jai giroan kanpo-portuaren proiektuaren baztertzea eta «txikiziorik gabeko birgaitzea» aldarrikatuko dutela iragarri dute.
GARA |
Jaizkibel Bizirik plataformak atzo ezagutzera eman zuenez, larunbat honetan kanpo-portuaren proiektua «baztertzea eta txikiziorik gabeko birgaitzea» aldarrikatuko dute jai giroan Pasai Donibanen «Jaizkibel gure altxorra, kanpo kairik ez!« lelopean.
Egun osorako egitaraua prestatu dute, gainera, eta «zabala eta erakargarria» izango dela adierazi zuten. Piratekin eta itsasontziekin apainduta egongo den agertokian kontzertuak, parodiak eta bertsolariak izango dira. Txikienen gozamenerako haur jokoak eta Txan Magoaren emanaldia egingo da.
Goizean goiz hasiko dira Jaizkibel Bizirik plataformak antolatutako ekimenak. Hala, 8.30ean, Lezoko plazatik mendi martxa abiatuko da lehenengo dorrerantz.
Buenos Aires (Bonazaintza) baserriaren ondoko zelaietan baitezpadako argazkia atera ondoren, Alabortzara jaitsiko dira, eguerdirako Pasai Donibanera iristeko asmoarekin. Lurraldeko parajerik ikusgarrienetako bat den Jaizkibelgo itsas labarraz «gozatzeko aukera ezin hobea» izango dela aurreratu zuten prentsa emanaldian.Martxa, besteak beste, Club Vasco de Camping, Jaizkibel Urdaburu, Allerru, Girizia, Itsas Mendi eta Erlaitz mendi taldeen laguntzaz antolatu dute.
«Kalteen» informazioa
Egun osoan zehar, Donibaneko plazan erakusketa zabala izango da, eta bertan Jaizkibel mendiari buruz eta kanpo portuak ingurumenean, gizartean eta ekonomia arloan izango lituzkeen kalteen gaineko informazioa jasoko dela aditzera eman zuten.
Horrekin batera, ingurunean «kalterik eragingo ez lukeen» badiaren birgaitze proposamena ere ikusgai egongo da erakusketa horretan.
Jaizkibel Bizirik plataformak herritar guztiei deia luzatu nahi izan zien larunbat honetarako antolatutako ekimen ugarietan parte har dezaten
Eragile hainbatek babesa erakutsi diote deialdiari, eta Jaizkibel Bizirik-ek eskerrak eman dizkie: «Pasaiako, Lezoko eta Oiartzungo udalei, eskualdeko hainbat elkarteri eta, bestalde, ELA, LAB, ESK eta EHNE gizarte-eragileei».