.EUS domeinua lortzeko eskaria 2010eko martxoan aurkeztea aurreikusi dute
Manex ALTUNA |
Datak ziurtatzea ezinezkoa dela onartu arren, Interneten .EUS domeinua lortzeko lanean ari diren ekimeneko ordezkariek 2010eko martxorako ICANN nazioarteko erakundean eskaria aurkeztu ahal izatea aurreikusten dutela adierazi zuten atzo.
Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan egindako agerraldian proiektua koordinatzen ari den Iratxe Esnaolak, PuntuEus elkartean Euskaltzaindiaren ordezkari Andoni Sagarnarekin batera eman zuen ekimenaren inguruko azken urratsen berri. Gogoratu zuenez, 2008ko apirilean PuntuEus elkartea 11 kideren eskutik jaio zen, baina dagoeneko 30 elkarteren babesa jaso duela jakinarazi zuen.
Horren erakusgarri, prentsaurrekoan bertan euskalgintza, hezkuntza eta Internet eta komunikazio munduko ordezkari ugari bildu ziren. Web gunean 25.000 atxikimendu inguru jaso dituztela ere esan zuen, baina «indar gehiago» batzearen beharra nabarmendu zuten.
Izan ere, PuntuEus elkartea izango da domeinua eskatuko duena eta Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitarearen alde ahalik eta babes handiena erakustea garrantzitsua dela nabarmendu zuten.
Kopuru bat aipatzekotan, gutxienez 100.000 atxikimendu eta 50 elkarteren babesa lortu nahiko luketela esan zuten, baina esan zutenez, kopuru aldetik ez dago derrigorrezko baldintzarik.
Esnaolak azaldu zuenez, ICANN nazioarteko erakundearen ordezkariekin bilerak izan dituzte eta .EUS domeinua eskuratzeko ez dutela «arazorik» ikusten esan diete. Aurreikusitako epeak betetzen badira, eskaria egin eta urtebetera eman beharko luke erantzuna ICANN-ek. Baiezkoa balitz, kontratua sinatu ondoren proiektua martxan jartzeko moduan egongo litzateke.
Era berean, Galiziako, Galesko eta Bretainiako elkarteekin ere elkarlanean ari direla esan zuen, beraiek ere .GAL, .CYM eta .BZH domeinuak lortzeko lanean ari baitira, hurrenez hurren.