GARA > Idatzia > > Ekonomia

Gutxieneko historiko berria izan du ekainean Euriborrak, %1,61ean kokatuta

Gutxieneko historikora iritsi da Estatu espainolean hipoteken tasak kalkulatzeko gehien erabiltzen den adierazlea. Duela urtebete kontratatu eta orain berrikusi beharreko hipotekak 3.400 eurotan merkatuko dira.

GARA

Gutxieneko historiko berriarekin itxi zuen atzo Euriborrak ekaina, %1,610ean kokatu baitzen. Ondoz ondoko laugarren jaitsiera izan du eta berraztertu beharreko eta duela urtebete kontratatu ziren hipotekak gutxienez 3.400 eurotan merkatuko dira urtean.

Datua Espainiako Bankuak baieztatu behar du hurrengo egunetan. Hipoteken ordainketak kalkulatzeko gehien erabiltzen den adierazlea 3,7 portzentaje-puntuko jaitsiera izan du iazko ekaineko mailarekin alderatuta, orain %1,61ean baitago, eta %5,361ean garai hartan.

Bederatzi hilabetetan jaitsiera jarraiak izan ostean, martxoan lortu zuen adierazle honek aurtengo lehendabiziko gutxieneko historikoa, orduan %1,909ra iritsi baitzen, apirilean %1,771ra eta maiatzean %1,644ra heldu zen.

Nolanahi ere, atzo inoiz izan duen mailarik baxuena lortu zuen Euriborrak, %1,504ean kokatu baitzen, hamabost aldiz jaitsi ostean, eta azken zazpietan %1,6en azpitik mantendu ostean.

Espainiako Bankuak ekaineko datua baieztatu eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan, tasa derrigorrez aplikatu behar izango dute banketxeak, bai sinatutako hipoteka berrietan bai uztailean berraztertu eta baita duela urtebete sinatu zirenetan ere.

Estatu espainoleko INE estatistika institutuak 2008ko ekainean etxebizitza erosteko hipoteka baten batez besteko kostea 141.939 eurotan taxutu zuela adibidetzat hartuta, Euriborra %5,361ean izanik eta 25 urteko amortizazio epe batera, ordaindu beharreko kuota 859,89 eurokoa zen. Ekaineko azken datu hau (%1,61) aplikatuta, aldiz, 575,03 eurotara jaisten da, hilean 284,86 euro gutxiago edota 3.400 euro gutxiago urtean.

Bederatzi hilabetez jaisten

Euriborrak azken bederatzi hilabeteotan ondoz ondoko jaitsierak izan ditu. Joera iragan urrian hasi zen Lehman Brothersen eskandaluarekin eta Europako Banku Zentralak moneta politikari emandako birarekin. Izan ere, orduan Europako Bankuak 50 puntutan jaitsi zuen tasa, %4,25etik %3,75era, Ameriketako Estatu Batuetako Erreserba Federalak eta Europako eta Ipar Amerikako beste banku batzuek koordinatutako operazio baten barruan.

Interes-tasak gutxieneko maila historikoetara jaisteaz gain, Europako Banku Zentralak zenbait neurri jarri ditu martxan merkatuan likidezia sartzeko, horietako azkena joan den ekainaren 24koa izan zen. Euroaren sisteman eta urtebeteko epe batera 442.240 milioi euro sartu zituen, inoiz enkante batera sartutako kopururik handiena.

Azken bederatzi hilabeteotan, Europako Banku Zentralak interes tasak jaitsi ditu eurogunean egungo %1era iritsi arte. Bihar hartuko duen erabakiaren zain daude orain merkatuak. Dena den, Banku Zentralak 2010. urte erdialdera arte bere indize zuzentzailea mantenduko duela espero dute.

Nazioarteko zenbait entitate, Nazioarteko Ordainketa Bankua kasu, epe ertainera interes tasak igotzearen alde azaldu dira egungoa bezalako beste finantza krisi bat ekiditeko.

Zenbait adituren ustez, aldiz, Euriborraren jaitsierak kontsumoa mugiarazten du, hipoteken pisua arintzen duen heinean, familien errenta handitzen laguntzen duelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo