GARA > Idatzia > > Kultura

Itsasoa eta burdina batu ditu Ricardo Ugartek Koldo Mitxelenan zabaldutako erakusketan

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Eskulturaren munduan ibilbide luzea egina badu ere, Ricardo Ugartek poesia egiten daki bere moldaketekin. Burdina da bere oinarrizko materia, eta itsasoa, helduleku nagusia. «Itsas-burni» izenburupean aurkeztu zuen atzo Koldo Mitxelenan sortzaile pasaiatarrak gaurtik aurrera ikusgai izango den erakusketa.

Lan grafikoak, poesia bisualak eta eskultura lanak biltzen dira irailaren 5era arte, kulturguneko Ganbaran irekita egongo den erakusketan. Hamabi urtez Donostian lanak erakutsi gabe egon ostean itzuli da berriro Gipuzkoako hiriburura. Burdinan landutako eskulturak (12), lan grafikoak (18) eta serigrafia (12 ikus daitezke bertan, itsasoaren eta burdinaren loturak erakutsaraziz.

Poesia nonahi

1970eko hamarkadatik gaur egunera arte sortutako lanak bildu ditu Ugartek, eta haien artean, orain arte erakutsi gabe zeuden bi sorkuntza. Bere ustez, obra bakoitza «bizitzan sortzen duzun eskultura katearen kate-maila da, horregatik bakoitzak dauka bere biografia propioa».

Soledad Alvarez «Itsas-burni»-ren harira Ugarteren monografikoa egin duen adituaren ustez, pasaiatarraren obra osoan, «adierazpen era guztietan, poesia nagusi da». Artista «geometrikotzat» jo zuen «burdinaren poeta, pasaiaren sortzaile, eta itsasoaren eskultore» dena.

Aipatu elementuez gain, bitrina luze batek laguntzen ditu erakusketako piezak. Bertan, osagarri modura, bere ibilbide estetikoan barna egindako bidaia ageri da. Horrela, ikuslea egoera intimo batean kokatuko da; obra, biluzik, bilakaera etengabean dabilen sorkuntza unibertso baten zati gisa aurkituko du, baita haien muntaketaren memoria ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo