Begiluze bat Tokiorako bidean, Tanttakaren «Tamari» lan berriaren abiapuntua
A.E. | DONOSTIA
«Guztiok begiluzeak gara. Kaleko terrazetan jesarri eta jendea paseatzen ikusten dugunean istorioak imajinatzen ditugu. Antzezlan honetan berdin gerta daiteke, baina morboa pixka bat `garbitu' diogu, gaia oso morbosoa baita. Dibertigarria suertatzen da gainera». Kike Diaz de Rada, aktorea eta zuzendariaren hitzetan hauxe da gaur Tanttaka taldeak Donostian estreinatuko duen «Katami» lanaren erakargarrietako bat.
Estreinaldia gaur gauean izango da (23.00etan), Antzoki Zaharrean, Dferiaren barnean, hau da, datorren larunbatera arte, eta hiriko hainbat tokitan, programatzaile eta antzerkiaren munduari lotutako profesionalei zuzendutako azoka handiaren barnean. Alberto Olmosen eleberrian oinarritutako antzezlan honetako protagonistak Gorka Aginagalde eta Naiara Arnedo («Mi querido Klikowsky») dira. Aginagaldek bere ohiko estiloa bazter batera utzita -antzezlan komikoak jorratu ditu batik bat-, begiluze zorrotz bat bihurtuko da. Horretarako Madril-Tokio bidaia bitxi honetan murgilduko zaigu, poesiaz eta erromantikotasunez beteriko elkarrizketez beteriko bidaia batean, alegia.
Bestalde, Dferiaren gaurko eskaintza arratsaldeko 16.30ean hasiko da, Lugaritz kultur etxean, Mama Crea talde bizkaitarren «¿Se puede?» lanarekin. Keinu bidezko umorea baliatuz heriotzaren inguruan egingo dute hausnarketa ikuskizun berritzaile honetan. Mama Crea konpainiak formatu txiki-ertaineko tragikomedia eskaini nahi izan du lan honetan.
Gazteszenan (Egian), berriz, 18.30ean, Teatr Okazjonalny-Occasion Dance Theatre eta euren «D-kod-R» ikuskizunaren txanda izango da. Ikuskizunak liluran du sustraia: dantzaren hizkuntzak eta giza gorputzak komunikatzeko dituzten ahalbideek sortutako liluran. Gorputza komunikazio-bide bat da, hizkuntza bera baino askoz lehenagotik, eta, horrez gainera, norbanako bakoitzaren gizarte-esperientzia islatzen du. Gaur egun hizkuntza idatzia eta idazketa nagusi badira ere, gorputzak oraindik ere hasierako eginkizun hura du.
Gero, 20.30ean, Victoria Eugenian, Sutil Companhia de Teatro brasildarren «Avenida Dropsie» lanaren bigarren emanaldia izango da (Will Eisner artista grafikoaren unibertsoan oinarrituta); eta, eguna bukatzeko, Tanttaka.