Irungo Alarde mistoak Udalaren mespretxua du; herritarren artean gero eta legitimazio handiagoa
Aurtengo sanmartzialetan ere bi alardek desfilatu dute Irungo kaleetan barrena. Atzokoan lehen aldiz emakume batek jeneral gisa desfilatu zuen mistoan. Eta Alarde hori ikustera bildutako jende kopurua gero eta handiagoa dela nabari zen, herritarren artean Alarde publiko eta bakarraren aldeko jarrera barneratzen ari den seinale, jai herritar eta demokratikoak pausoka lor daitezkeen seinale, alegia. Hala ere, herritarrek berdintasunaren aldeko Alardeari gero eta legitimazio handiagoa ematen dioten bitartean, Udalak kontrako jarrerari eusten dio. Jaietan denen parte-hartzea bermatzea Udalaren ardura da lehenik; baina, Irungo herritarrak ez bezala, Udala ez da horretarako pausorik ematen ari. Jaietako zatiketa gainditzeko eztabaida ezinbestekoa da, eta atzo arratsaldeko istiluak horren erakusgarri izan ziren. Berdintasunezko Alardeko partaideak hartarako prest agertu izan dira; Udalak, ordea, funtsezko papera jokatu behar lukeenak, nahiago du ez ikusiarena egin, interes alderdikoiak lehenetsita. Jarrera hori hainbat irundarrenganako mespretxua da, mespretxu nabarmena baita alkateak berdintasunezko alardeari bizkarra eman eta segidan udaletxeko balkoitik Alarde baztertzaileari harrera egitea.