GARA > Idatzia > Kirolak > Arrauna

KAE Liga

«Afizioa lo zegoen, baina hori emaitza onekin esnatzen da»

Ibon Gaztañazpi, Santurtziko entrenatzailea, oso pozik azaldu da taldeak orain arte egindako lanarekin.

p038_f01_555x555.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Egun handia izan zen aurreko igandea Itsasoko Ama arraun elkartearentzat. Zumaiako uretan eskuratu zuten santurtziarrek KAE Ligan lortzen duten lehen garaipena, eta hala, amaiera ipini zioten dozena erdi bat urte iraun duen banderarik gabeko lehorteari. «Malkoak ere dezente egon ziren. Bertako jendearentzat berezia izan zen. Entrenamendu asko egindako jendea, urte asko hortxe egon dena garaipenik lortu ezinda... horientzat oso pozgarria izan zen. Eta kanpotik heldu garenontzat ere, bai Unai Amenabar prestatzailearentzat, bai niretzat, bigarren estropadan bandera irabaztea sekulakoa izan zen. Horrek konfiantza ematen dizu lanean jarraitzeko, egiten ari zarena ongi doala erakusten dizulako», aitortu digu Ibon Gaztañazpik, aurten taldearen ardura hartu duen entrenatzaile oriotarrak.

Izan ere, azken bi urteetan Sestaon Kaikurekin gertatu den bezala, emaitza onek zaleak suspertzeko balio izaten du. Eta Ezkerraldea arraunaren mapan kokatu dugu berriz ere. «Egia esan, ni elkartera joaten naiz zuzenean eta herrian ez naiz gehiegi egoten. Baina elkarte inguruan dabilen jendearen artean nabaritzen da ilusio berezi bat. Eta orokorrean ere nabaritzen da ikusmina, portuan jende gehixeago entrenamendua ikusten. Orain, gainera, garaipen honekin eta taldea ohorezko txandan finkatzen bada, pentsatzen dut jarraipen hori areagotu egingo dela. Hemen arraunerako afizio handia dago, gertatzen dena da afizio hori apur bat lo dagoela, eta hori askotan emaitza onekin esnatzen da», dio Gaztañazpik.

Eta emaitzak, egiari zor, txapela kentzeko modukoak izan dira orain artean. Larunbatean Donostian laugarren, igandean Zumaian irabazle, eta KAE Ligako lehen multzoan bigarren 21 punturekin. «Larunbatean ez ginen pozik gelditu egindako estropadarekin. Kanpoan itsasoa oso narras zegoen eta ez ginen txukun aritu. Ez ginen pozik geratu gure arraunketarekin, baina emaitzarekin bai, gure nahia igandean ohorezko txandan sartzea zelako. Igandean bai. Igandean Astillerok martxa egin zuen, baina guk gure erritmoa hartu eta lan ona egin genuen».

Entrenatzaile izanda garaipen bat lortzeak arraunlari soila izanda baino poz handiagoa ematen ote duen galdetuta, Gaztañazpik umorez hartu du kontua -«oraintxe bertan ez dakit oso ongi zer naizen ere»-, baina sentipenei ematen die garrantzia batez ere. «Poz gehiago ez nuke esango. Arraunlari bezala ere poza parekoa izaten da. Egia da entrenadore izateak beste dimentsio bat ere baduela, lehen ikusten ez zenituen gauzak ikusten dituzula, eta zentzu horretan ezberdintasuna horixe da, aurrera begira babesa sumatzen duzula egindako lanean».

«Play-offaz galdezka»

Eta hemendik aurrera zer? Normala da kazetariok galdera egitea, eta zentzuzkoa da kirolariak pazientzia eskatzea. «Gu taldea egiten ari gara. Ohorezko txandan gaude, oso ongi kokatuta, eta nik orain buruan Rasilloko estropada bakarrik daukat. Saio ona egiten saiatuko gara, eta batez ere gozatu egin behar dugu, lehiaketarekin gozatu. Oraindik hasi besterik ez gara egin, eta jendea hasi da play-offaz galdezka, jakinda gainera hori ez dela gure benetako helburua. Borrokan baldin bagaude, argi dago saiatuko garela, kirolariak zerbait lortzeko aukera ikusten duenean hori eta gehiago ematen duelako. Baina orain horretaz hitz egiteari ez diot zentzu handirik aurkitzen», erantzun du Gaztañazpik.

«Hemen arrauna ez da atzo goizekoa»

Santurtziren entrenatzaile berria izan zen aurreko udazkenean arraun munduan zeresan gehien eman zuen kontuetako bat. Joseba Fernandezen azken orduko ezezkoaren ondoren -kontratua sinatuta zuela-, Ibon Gaztañazpi oriotarra izan zen aukeratua, eta, esan digunez, oso pozik dago hartutako erabakiarekin. «Topikoa izan daiteke, baina balantzeak bukaeran egin behar dira. Gero eta gehiago, lehiaketak markatzen du bakoitzaren balioa, emaitzek, eta beraz, bigarren estropadan balantzeak egiten hasteak ez du merezi. Orain artekoa oso ona da: lanean pozik jardun gara, giro onarekin, inongo presiorik gabe... Ez dakit zergatik, kanpotik entzuten zen elkartean ez zegoela giro ona, baina kontua oso bestelakoa da. Dimentsio aldetik, uste baino egitura hobea aurkitu nuen. Elkarte handia da, ongi egituratua, beheko mailetan neska-mutil asko dituena, laguntzaile asko, bazkide asko... antzematen da hemen arrauna ez dela atzo goizekoa. Hori bai, kirol mailan badago zer egin. Orion ez diozu arraunlari bati esan behar entrenamendu batean «egin hau», profesional bat bezala etortzen da eta filosofia hori txikitatik sartuta dauka. Hor badago lana».A.A.

Astillero

«Astillerok taldea osatzen duenean gu baino bi edo hiru koska gorago egongo da. Eta TKE Ligan egonda ere bandera irabazteko borrokan egongo litzatekeela jokatuko nuke. Baina, horrez gain, Astillero oso mediatikoa da eta, horregatik, jendeak asko hitz egiten du beraietaz».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo