Laura Mintegi idazlea
Etxekoez deskantsatu
Lankide batek kontatu dit bazkalorduan; udalekuetara doazen seme-alaben autobusak kale kantoiari buelta eman, eta aho batez botatako oihua entzun da gurasoen artean, «biba, biba!», eta ia-ia saltoka hasi dira, pozarren, «azkenean bakarrik gelditu gara! Hamabost egun guretzat!».
Lankideak ezin izan du ulertu. Aita berantiarra izan da, ia-ia aitita goiztiarra, eta ez daki nola bizi ahal izango duen semearengandik urrun hamabost egun hauetan.
Aita honen kezka ulergarria, baina bere semearen gelakideen gurasoena ere bai. Seme-alabek gurasoen magaletik askatzea behar duten bezalaxe, gurasoek ere behar dute gurasotasuna alboratu eta berriz bikote sentitu, aita-amaren rola bazter utzita.
Otordukideak bananduta daude iritzietan. Mahaikide batzuen iritziz, seme-alabak ondo daude zati baterako, noski, baina gogaikarri izaten dira bestela, batez ere oporretan. Ordu libre gehiegi dute, arreta etengabe eskatzen dute, bidaiatzeko traba baino ez dute egiten eta, gainera, beraiekin egonda ez dago erlaxatzerik: otorduetarako eta lotarako orduak mantendu behar direnez, ez dago gauez ibiltzerik edo inprobisatzerik. Oporrak, benetako oporrak, seme-alabarik gabekoak izaten dira eta, guraso hauen ustez, udalekuak bedeinkazioa dira; zaintzaileek gutxi kobratu dute egiten duten funtzioa kontuan hartuta.
Solaskide gutxi batzuen ustez, ordea, opor garaia ideala izaten da seme-alabekin disfrutatzeko, laneko ordutegi estuetatik aske, denbora guztia beraiei eskaintzeko: txikiekin jolastu, leku berriak elkarrekin deskubritu, patxadaz mintzatu eta, behingoz, seme-alaba tontoleszenteei burutik zer pasatzen zaien jakiten saiatu. Esaterako.