GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Mª Eugenia Arrizabalaga EAJko legebiltzarkidea

Kanbio zaharberritua

EAJk ez dio utziko bakearen bigarren hanka horren konponketa bakezko, elkarrizketatu eta demokratikoa bilatzeari; ez du etsiko Euskadiren erabakitzeko eskubidea gauzatzeko eginahalean

Martxoko hauteskundeetatik orain arte nabari den olatutzarra ez da oraingoa. Euskadi bere askatasunaren alde burua altxatzen hasten denean, Espainiako Estatuko indar monarkikoek bat egiten dute eta hauen euskal adarrak, ezker eta eskuineko indarrak, ados jartzen dira. Orduan itun ukatzaileak eta suntsitzaileak zilegi eta justifikagarri gertatzen dira. Jose Antonio Agirre lehendakariak gerra aurreko urteei buruz egindako baieztapen batean oinarritua dago aurreko esaldi hori.

Hurbilagoko urteotan ere jasan izan dugu erauntsi politikoa. Gogoratu besterik ez dago 98ko su-etena ETAk hautsi ondoren zer egin zuten ezkerretik eskuinera, Espainian nahiz Euskadin: Juan Jose Ibarretxe lehendakariak EAJrekin batera urratu zuen erabakitzeko eskubideari erasotzeko, EAJri eta lehendakariari indarkeriari eskua emanda ibiltzea leporatu zioten, baztertzaile izatea eta euskal gizartea banatzea. ETA indarkerian zebilen artean bere asmo politikoak uzteko esaten zioten behin eta berriz. Alegia, bakearen zutabeetako bat alboratzeko: normalizazio politikoarena.

Ez da egia Ibarretxe lehendakariak eta orduko EAJren buruzagitzak -aurrekoek bezala- ez zutela argi gaitzesten ETAren indarkeria. Denek dakite hori. Herriak ere bai. Kontua da EAJk beti jo izan duela indarkeriari ezetz esatetik haratago: gatazka politikoa eta beronen konponbidea aldarrikatu izan du. Azken urteotan konponbidea proposatu ere bai. Hor dago koska. Hori da barkatzen ez diotena Espainia ororen gainetik lehenesten dutenek.

Indar espainiarrek nahi ez dutena da nagusi den abertzaletasunak auzi politikoaren irtenbidea gidatzea. Badaude seinaleak horretan ari direla eta ariko direla eginahalean. PSEk eta PPk izenpetutako gobernu itunak ez du inoiz ere normalizazio politikoaz hitz egiten, ezta ere gatazka politikoaz. Patxi Lopez lehendakariak esan du: «En sólo un mes estamos empezando a dar la vuelta al país, preocupándonos por lo que preocupa a la gente y desterrando el conflicto político que no tenía más soporte que las pretensiones (a veces obsesiones) de algunos dirigentes».

Hortxe dago aldaketa. Edo, hobeki esanda, kanbio zaharberritua. Ibarretxeren garaian, ezin zakarrago aurreneko urteetan, mozorrotuago ondorengoetan, normalizazio politikorako proposamenari ezezkoa eman diote ezker nahiz eskuin monarkikoek gure herrian eta Estatuan. Orain beste urrats bat egin dute: normalizazio politikoa agenda politikotik eta iritzi publikotik desagerrarazi nahian ari dira. Dena ETA da. ETA beste arazorik ez da. Arazo politikoarentzat, «desterrua». Euskadi berezi egiten duen euskal gatazka politikoa, isilpera. Ez da nolanahiko aldaketa: atzeranzko politika da. Inboluzio hori janzteko dira asmatzen eta lau haizetara zabaltzen ari diren goiburuak eta leloak: askatasuna irabaztea, zigorra eta kartzela terroristei, anbiguotasunaren aroaren amaiera, ETAren deslegitimazio soziala, indarkeriaren aurkako batasun urradurarik gabea, desberdinen arteko adostasuna, pluralismoa errespetatzea... Herri arazoaren arrastorik ez. Baina Obamak, hain goretsia, esan berri du ideiak ezabatzeak ez dituela hauek desagerrarazten. Ulertu dezakeenak uler dezala. Eta jakina, ideiei arnasa ematen dien errealitatea ezkutatzeak ez dakar errealitate horren desagerpena.

EAJk erne ibili beharko du mozorro guztiekin. Eta ibiliko da. Ez da jausiko ETAren aurkakoago nor baino nor agertu beharreko desafioan. ETAri behin betiko gelditzeko eta amaitzeko esana dio eta esango dio alderdi jeltzaleak, herriaren hitza entzuteko eta herriaren esana betetzeko zorrotz eskatuko dio aurrerantzean ere. Baina, ondoren, beti esan izan duena esango du: Euskadi izan badela eta, Bidasoatik hegoaldera, arazo politikoa duela Estatuarekin eta honek Euskadirekin, politikoki konpondu gabea. Eta ez diola utziko bakearen bigarren hanka horren konponketa bakezko, elkarrizketatu eta demokratikoa bilatzeari; ez duela etsiko Euskadiren erabakitzeko eskubidea gauzatzeko eginahalean. Herri-sena eta herri-mina duen gizarte zabala dago mezu honen zain eta bide hau urratzeko urratsa emateko prest, guztion artean Euskal Herrirako bake iraunkorra, egiazkoa eta zuzena lortzeko irrikaz. Hori da 114 urte betetzera doan alderdiaren iparrorratza. Hor baitu bere tokia eta eginkizuna euskal alderdi abertzaleak, EAJk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo