GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Imanol Oruemazaga Baseta. Ondarroa

Ertzaintza, Terese «Porru» eta Sabin «Txatu» aitona-amonak erasotzen Ondarroan

Iragan ostiralean Ondarroan gertatuaz «Ondarroan 150 lagun inguru bildu ziren, eta Ertzaintza agertu zen argazkiak kentzeko eskatuz. Ezetz erantzun zietenez, bi lagun identifikatu eta joan egin ziren» irakurri dugu «Berrian».

Eskerrak «Berria» eta GARA egunkariek presoen aldeko mobilizazioen berri ematen diguten. Zeren beste egunkariek...

Herritarra naizenez, gertaera horren harira galdera batzuk egin beharrean nago Herrizaingo Saileko buru jaunari.

Nondik nora ezin dugu herritarrok presoen argazkiekin kalera irten?

Zein legek galarazten digu herritar arruntoi presoen argazkiak gure kaleetan agertzea?

Ez duzu uste erabat neurriz kanpoko indar erakustaldia egin zenuela iragan ostiralean asteroko enkartelada baketsuari aurre egiteko (!) Ondarroako kaleak traskoetaraino armaturiko ertzainez betez?

Eta azkenik, zer esan Ondarroako Alamedan bertan, ostiralean, enkartelada amaitu eta gero zure ertzainek identifikatu zituzten bi herritarrez?

Bi herritar horiek, Terese Lertxundi Kalzakorta eta Sabin Ibazeta Solabarrieta, ez dira, ez, «gazte zoro batzuk», aitona-amonak baizik. 78 urteko amona Terese; 82 urteko aitona Sabin. Terese Porru eta Sabin Txatu ondarroarrontzat. Ondarroako langile familia arrunta. Zubi Zahar ikastolako zaintzaileak 1979. urtetik erretirora iritsi arte.

Herrizaingo Saileko buru jauna! Senar-emazte adintsu hauek parte hartu zutela iragan ostiraleko enkarteladan? Bai horixe, enkarteladaren buruan joaten den ikurrinaren atzetik joan ere, lehen eta bigarren lerroan, isilik eta baketsu.

Are gehiago, han ikusiko dituzu Terese eta Sabin, presoen alde herrian egiten diren mobilizazio guztietan!

Herrizaingo Saileko buru jauna! Ez duzu uste zure morroiek Ondarroako Alamedan Terese eta Sabin aitona-amonekin egindakoa ekintza erabat bidegabea izan zela? Zuri ez dizu ezer adierazten antzinako erromatar lege gizonek euren legedian idatzita utzi ziguten «Suma lex, maxima iniustitia» axioma juridikoak? Latinezko axioma horrek ez al digu adierazten legearen aplikazioa azken muturreraino eramanez gero, legea bera gorengo mailako injustizia bihurtzen dela?.

Gora bihotzak zuok, Terese eta Sabin! Zuen izenek Euskal Herriak askatasun bidean daramagun borroka latz honetan urrezko hizkiekin idaztea merezi dute. Agur eta ohore zuoi!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo