Aipagarriak
Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala BEC-era itzuliko da
Lau urteko ohiko atsedenaren ostean, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia oholtza gainera igoko da berriro. Herrialdeetako txapelketak atzean utzita, eta haietan sailkatu ziren bertsolaririk onenak kontuan izanda, berrogeita lau partaidetako zerrenda osatu du Bertsozale Elkarteak. Lehiaren nondik norakoak oraindik giltzapean gordeta dituzten arren, dagoeneko ziurra da finala datorren abenduaren 13an jokatuko dela, BEC-en.
Ariane KAMIO | DONOSTIA
Ez da Olinpiar Jokoen kasua, baina hau ere lau urtez behin ospatzen da eta, nazioarteko zitarik garrantzitsuenetakoa ez den arren, Euskal Herriko milaka lagunek irrikaz itxaroten duten saioa da. 2005ean izan zen azkena, eta aurten berriro egokitzen zaio oholtza prestatu eta gonbidatuak bere gainean jartzea. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia da, eta motorrak berotzen hasia da dagoeneko.
Euskal Herriko Bertsozale Elkartetik zuhurtzia zantzuak erakutsi badituzte ere, lehia garrantzitsu honen lehenengo zertzeladak mahai gainean utzi zituzten. Datu gutxi, baina aurrerapenerako behar direnak hain justu. Haietako bat, nola ez, kanporaketa guztien ondoren hainbeste bertsozale biltzen duen finalaren data eta ordua. Abenduaren 13an izango da eta, 2005ean bezala, Barakaldoko BEC izango da azken txanparen lekuko. Agertokia errepikatzearen helburua, Bertsozale Elkartearen arabera, aurreko finalean lortutako arrakasta errepikatzea izango da. Azken hatsa eman aurretik baina, finalean parte hartzeko banatzeke izango diren zortzi txarteletako bat lortzeko borrokan aritu beharko dute bertsolariek. Horrela, guztira hamalau saio jokatuko dira azkenengo lehian buru-belarri jardun baino lehen. Datak eta tokiak zehazteke daude oraindik.
Nor baino nor
Txapelketa Nagusiko antolakuntza taldea urtebetean ari da lehiaketaren diseinua prestatu eta honek hartuko dituen saioak zehazten. Parte hartzaileekin ere lehenengo bilerak egin dituzte eta bertan egoteko aukera izan duten bertsolari guztiek Txapelketa Nagusiari baiezkoa esan diotela ziurtatu zuten. Guztira 44 lagun ariko dira lehian eta, Bertsozale Elkarteak zerrenda ezagutarazi ez zuen arren, gara matematika lanetan aritu da lista osatzeko helburuz.
2005eko finalean jardun zutenak zuzenean sailkatu dira aurtengo txapelketarako. Andoni Egaña, aurreko edizioko irabazlea, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Sustrai Colina eta Jon Maia dira horiek.
44 bertsolariko zerrenda osatzeko, Euskal Herriko lurralde desberdinetan egin diren txapelketetan puntuaziorik onena jaso duten parte hartzaileetako batzuk hautatu dituzte. Horrela, 2008an lehenengoz egin zen Iparraldeko Txapelketan puntuazio onena lortu zuten hiru bertsolari izango dira Txapelketa Nagusian eta, haiekin batera, Arabako Txapelketako bi, Nafarroako Txapelketako lau, Bizkaiako Txapelketako hamar, eta Gipuzkoako Txapelketako hamazazpi.
Azkenengo edizioetan, Andoni Egaña bertsolari zarauztarrak bere nagusitasuna erakutsi izan du taula gainean, bera izan da jaun eta jabe. Aurtengoan ere bera izango da txapelketako izarra, baina lehia estutzen saiatuko dira behetik gora ziztu bizian urtetik urtera hazten ari diren bertsolari gazteak. Udazkenera arte itxaron beharko da lehia gertutik bizitzeko.