GARA > Idatzia > Kirolak > Tenisa

Wimbledoneko finalerdiak

Williams ahizpak arituko dira berriro ere finalean

Serenak Dementieva kanporatu zuen, eta Venusek, berriz, Safinari irabazi zion.

GARA | LONDRES

Teniseko jarraitzaile guztiek emozio handiko final bat ikusi ahal izango dute aurtengo Wimbledonen, iazko edizioko berbera, alegia. Izan ere, torneo garrantzitsu hau irabazteko azken partidan Williams ahizpa estatubatuarrak arituko dira elkarren aurka bihar: Serena eta Venus.

Sufrituta lortu zuen lehenengoak finalerako txartela Elena Dementieva errusiarraren aurkako neurketan. 6-7(4), 7-5 eta 8-6 irabazi zion munduko bigarren sailkatuak Moskuko tenislariari (munduko laugarrena).

Berdintasuna izan zen nagusi ia hiru ordu iraun zituen partida honetan. Lehen seta tie break-ean erabaki behar izan zen. Bertan, errusiarra 6-3 jarri zen aurretik. Une horretan falta bikoitza egin zuen sakez Dementievak, baina Serenak ez zuen aprobetxatu eta azkenean seta galdu zuen -6-7(4)-.

Bigarrena lehenengoaren kopia besterik ez zen izan. 2-0 jarri zen aurretik estatubatuarra, baina errusiarrak seigarren jokoan itzuli egin zion hiruna berdintzeko. Hala ere, Serenak sakea apurtu zion aurkariari 5-6 aurretik ipintzeko. Hortik aurrera, errusiarraren hutsez baliatu zen amerikarra bigarren seta irabazteko.

Dementievak lurrean belauniko triste sentitu zuen setaren porrota. Williams, aldiz, «come on» (goazen!) oihukatuta animatu zen hirugarren eta azkeneko seta hasi baino lehen.

Emozioak hirugarren seteko 4-5ean -Dementievaren alde- lortu zuen une gorena. Partida irabazteko pilota bat salbatu zuen Williamsek. Hortik aurrera, amerikarrak bere sasoi ona erakutsi zuen larunbateko finalera heltzeko.

VENUS WILLIAMS

Serenaren ahizpak errazago irabazi zuen partida. Dinara Safina munduko lehenengoaren aurka 6-1 eta 6-0 irabazita lortu zuen finalerako txartela.

gizonak, gaur

Gaur gizonen finalerdietako partidak jokatuko dira Londresen. Federerrek Haas alemaniarra izango du aurkari, eta beste kanporaketan Murray eta Roddick neurtuko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo