Pello Zabala | eguraldi aditua
Goizak azkar ekin dio argia murrizteari
Ekainean harrapatu du gaina eki jaun biziemaile ttiki eta argiemaile neurritsuak. Gain hori iristearekin joan zaigu urtearen erdia ere: gorakako goraka etengabean etortzen baitzaigu urtea Urteberri egunetik sanjoanoste egun luzatuekikora. Aurten guztiz zabalduak izan ditugun goiz eta arrats eutsi horietatik, uztailak sartu gaitu gainbehera isuri segidakoa duen malda beherakoan.
Goizak azkar ekin zion argia murrizteari: ekainaren erdia pasa orduko, nagitzea gustatu nonbait eta, segundo apurrak aurrena, minutu erdi eta minutu jada, goiza laburtuz dihardu eguzki gero eta nagiagoak: bost minutu irabaziak ditu nagian alferraren aldera. Ez hala arratsez. San Joan bezperako su txiki eta sutzarren lamaden distiretan eutsi dio tenkaz arratseko erretiro berantiarrari. Atzokoaz galdu digu minutu atzeratuenaren koska. Hori bai: hemendik aurrera, abail batean joango da arratseko erretiro `aimaritakoa' laburtzen. Hemendik bost hilabetera, abenduko lehen astean iritsiko baita arratsik baxuenaren xoko-xokora. Azkar ibili behar du, bere arratsetako ibilbide murriztailea gauzatzen.
Eskerrak argiak eta eguzki dotoreak, sikiera, bereari eusten dioten! Horiek finkoak eta finkagarriak ditugu nonbait! Ezen geure ohitura eta usadioak askoz aldakorragoak eta motzagoak direla ohartzen gara: garagarrila genuen amaitu berria dugun sanjoanetako eguzki gainaren hilabetea. Galdu zen garagarra, eta baita izena ere. Ekainera itzuli gara. Hurrengo aldabeharrekoa uztailarena izango ahal da? Uzta galdu zen, ezta? Larraña, larrañeta, larraingain, larrañaga eta beste hainbat izen eta izanak... hor daude bai, mugarri tente gisara; baina esplikazioa eta adierazpena eman behar, zer eta zertarako zirena azaltzeko. Uzta bakarra ez ote zaigu bada, belar ondu, sikatu eta ihartu beharrarena gelditu? Eta belaze askotan, pendizetakoetan batik bat, ezta belar uztarik ere... kardulatz emankor loretsu temosoaren `uzta' tristea bota eta erre beharrarena besterik ez! Hau da bialekua, hau! Nola aldatu diren/ditugun bazterrak!