«Zinea Euskaraz» ekimena sei zinema aretoetara iritsiko da asteburu honetan
GARA | GASTEIZ
Zinema euskaraz ikusteko aukerak indarra hartuko du asteburu honetan. Euskadiko Filmategiak «Zinea Euskaraz» ekimena jarri du abian eta, horri esker, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zinema areto komertzialetan lehen proiekzioak ikusi ahal izango dira gaurtik igandera bitartean.
Egitasmo honen helburua zinema areto komertzialetan euskaraz bikoiztutako pelikulak sustatzea da. Bide honen lehen urratsak gaurtik aurrera iritsiko dira. Aurkezpen gisa, aurretik euskaraz bikoiztu diren pelikulak berriz emanez hasiko dute ekimena. Horretarako, adin guztietako ikusleei zuzendutako eta estreinatu ziren garaian arrakasta izan zuten hainbat film aukeratu dituzte.
Non eta zer
Asteburu honetan, besteak beste, «Aupa Etxebeste!», «Perez Sagutxoa» eta «Obaba» filmak ikusi ahal izango dira. Bilboko bi zinema aretok ere hartuko dute parte egitasmo honetan: Multicines eta Renoir. Lehenak Perez sagutxoaren istorioak hartu ditu eta bigarrenak «Aupa Etxebeste!». Kasu bietan hiru egunetan zehar 17.00etako emanaldian izango da euskara entzuteko aukera. Basauriri dagokionez, Bilbondo aretoa ere gehitu da eta, kasu honetan, «Winx, Erreinu Galduaren Sekretua» ikusi ahal izango da; hau ere 17.00etan.
Gipuzkoari dagokionez, Donostiako eta Errenteriako bi aretok hartuko dute parte «Zinea Euskaraz»en: hiriburuan, Antiguo Berri aretoak, eta kasu honetan «Harri Magikoaren bila» emango dute, 16.45eko emanaldian. Oreretako Niesseneko zinemak «Obaba» eskainiko du 17.15ean. Gasteizen, azkenik, Florida aretoan «Perez Sagutxoa» ikusteko aukera izango da hiru egunetan, 17.00etan.
Ekimen honek estreinaldiak euskaraz bikoiztu eta eskaintzea du helburu. Film berrien gaztelaniazko estreinaldiekin batera euskarazko eskaintza lortu ahal izatea da azken helburua. Horrez gain, kaleratzen diren DVD komertzialetan euskarazko banda gehitzea da ekimen honen beste xedeetako bat, antolatzaileek azaldu dutenez.