GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Musika sariak

Ritxi AIZPURU | Musika argitaratzailea

Beste ezer baino lehen, «saria» hitzak zer esan nahi duen azaldu eta argitzea komeni da. «Saria» terminoak dituen konnotazioei buruzko hausnarketa egitea taxuzkoa da.

Baina «saria» definitu aitzin, hitz horren antonimoak ere esan diezaguke zerbait. «Saria» hitzaren kontrakoa «zigorra» da. Sinestun gehien dituzten erlijio guztien oinarrietan oso presente dago zigorra. Kristau erlijioan, mundua eta gizakia egin ondoren, gauza guztiak «lehenengo» pertsona horien eskuetan jarri ziren, zuhaitz baten fruitua izan ezik. Guzti-guztia eskura zuten, baina tentaziorako esan zitzaien sagarrondo bateko sagarrak ezin zituztela jan. Saria (guztia), zuhaitz ziztrin bateko emaitza kenduta eurentzat.

Lehen zigorra tentaziotik dator. Tentazioa alboan edukita sari handienak ere ez du garrantzirik. Saria zigor bilakatzen da. Sistemek eta haien botereek indarrean ezarritako arau eta legeak bete egin behar dira nahitaez. Arauak eta legeak hasieratik zigor itxurarekin datoz. Euren arauak gaizki edo desegoki betetzen dituenari, zigorra. Euren legeak ongi betetzeak, ordea, ez dakar beti saria. Zergatik saritzen da? Sarituak ez direnak, nahiz eta inposatutako lege horien aurka ez egin ezer, diskriminaturik geratzen dira. Legeak hobekien betetzen dituenari ematen zaio saria. Iparramerikako indioek bazuten sariak ulertzeko beste modu bat. Sariak baino gehiago diren oparietara jotzen zuten eta izugarrizko lehiak antolatu ea nork egin ahalik eta oparirik erakargarriena, biribilena, ausartena. Bizitza etengabeko opariak banatzen pasatzen zuten. Opari horiei «potlach» izena ematen zieten. Potlach horiek kapitalaren legeak zalantzan jartzen zituzten eta mendetasun harremanak baztertu. Musika eta kantu tradizionalekin ematen zizkioten elkarri potlachak. Leinu bakoitzak bere musika zuen eta horiek ere opari moduan eskaintzen zizkioten elkarri. Musika bera saritzen zen.

Euskal Herrian Musika sari gutxi dago. Musika sariak musikaren industriaren onerako izan daitezke. Sariak garrantzitsu eta pisuzkoak badira, ospea ekar diezaiekete antolatzaile eta musikariei. Euskal Herrian Gaztea Sariak daude baina entitate eta espektro zabalagoa duen sari banatzaile bat edukitzea ongi legoke. Sariek indarra eta ospea lortzeko babesik handiena izan beharko lukete. Baina nork antolatu beharko lituzke? Nork antolatzen dituen izan liteke gakoetako bat. Antolatzailearen irudi onak sariari altuera emango dio. Euskal Herriko Musika sariek ez lukete zigorrik banatu beharko. Antolatzaileek eta musikariek elkarri potlachak egingo balizkiokete, zoragarri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo