GARA > Idatzia > > Kultura

Eszenak

Nahiago «jaitza», gaitza baino

Dorleta Urretabizkaia | Aktorea eta idazlea

Udako eguzki epela iristearekin batera, hasiak dira gure hiri eta herrietako festak. Poz eta alaitasunez jantzi zaizkigu kaleak eta baita antzokiak ere, izan ere, antzerkiz bete zaigu Donostia. Asteartean eman zitzaion hasiera dFferia-ren XV. edizioari eta aurten kale antzerkirik izango ez badugu ere, antzokiak antzerkiz blai dauzkagu antzerkiaz gozatu nahi dugun guztiok. Izan ere, honelako antzerki ferietan, leku askotako eta bertako kalitatezko antzerkiaz gozatzeko aukera paregabea izaten dugu, eta etxe ondoan gainera. Baina antzerkiaren festa egun hauetan, ezin ahaztuko dugu, azken bolada honetan, antzerkiari estuki lotuta dagoen dramaturgo handi bat bizitzen ari den egoera latza. Izan ere, garbi dago, herri honetan, ez dagoela politika eta artea askatasunez bizitzeko modurik.

Eta «rock eta soularen erregea»ren heriotza beltzaz lurrindutako egun epel hauetan, marmokek gure itsasbazterrak okupatu dituztenean, antzerki ugari ikusteko aukera izaten ari gara Donostiako antzokietan, baina ez hori bakarrik, baita profesioaren egungo egoerari buruzko hitzaldi eta bileretan parte hartu, ipuin kontalariak entzun eta erakusketak ikusteko aukera ere. Brasiletik etorritako Sutil Companhia de Teatro taldearen «Avenida Dropsie» lana ikusteko aukera izan genuen lehenengo eta bigarren egunetan. Poloniatik berriz, Teatr Okazjonalny Occasion Dance Theatre taldearen eskutik, «D-kod-R» lana ikusterik izan genuen, eta gaur, berriz, talde beraren «Powieksze» ikuskizuna izango dugu. Poloniatik hau ere, Provisorium taldearen «Bite de dust» lana ikusteko aukera izan genuen. Uruguaitik berriz, Cia. Complot taldearen «Mi muñequita» lana eskaini zen atzo. Perutik berriz, Mirella Carboneren «Pasadoble» izango dugu gaur Gazteszenan, eta baita Costa Rica eta Salvadorretik datorren «Mirando al sur» lana ere. Argentinatik berriz, «Desdichado deleite del destino» lana izango dugu eta kanpoko taldeekin amaitzeko, kolpe militarra bizi berri duen Honduraseko Grupo Teatral Bambu-ren «Mea culpa» antzezlana izango dugu bihar. Madriletik ere, bi talde izango ditugu, atzo izandako Adelante Artistica taldearen «Hermanos del baile» lana eta azken egunean izango ditugun Sexpeare taldearen «El título de este espectáculo no es mi madre» antzezlana. Balear Uharteetatik ere, izan genuen Producciones del Mar taldearen eskutik «Camarada K» lana ikusteko aukera.

Euskal Herritik berriz, zazpi ikuskizun dira orotara eta horietako hainbat estreinaldiak gainera. Lehen egunean, Ez Dok Hiru Bikoteatroaren «Euskarazetamol» lan umoretsuaz gozatzeko aukera izan genuen, baita Dantzaz taldearen «1,01» lanaz ere. Mama Crea taldearen eskutik, berriz, «¿Se puede?» ikusterik izan genuen eta baita, Tanttakaren «Tatami» antzezlana ere. Vaiven taldea ere bertan izan dugu, joan den martxoan estreinaturiko «El club de las mujeres invisibles» lanarekin. Eta bihar, aurreko maiatzean estreinaturiko Ertzaren «Zoo» ikuskizuna ikusi ahal izango dugu eta baita Aukeran taldearen azken lanaren estreinaldia ere, «Gernika» hain zuzen ere.

Eguzkiagatik babestu nahi duenak izango du beraz, antzokietako gerizpean eseri eta antzerkiaz gozatzeko aukerarik. Eta aurtengo dFeria amaitzear dagoenez, gozatu dezagun krisi larrian barneratuta dagoenen gure antzerkiaz, izan ere, guztion barre, malko eta txaloek aterako baitute zulo beltzetik eta aukeran, nahiago «jaitza», gaitza baino...

kultura

Ficha

Festival:

Festival de Teatro y de las Artes de Calle de Bilbo.

Propuestas: «La Gran Vía de los inventos» y «Las Siete Calles del Teatro».

Fechas: 1 y 2 de julio y 7, 8 y 9 de julio, respectivamente.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo