GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Iruzur fiskala era eraginkorrean borrokatu

Euskal Herrian, mendebaldeko herrialde gehienetan bezalaxe, bi iruzur fiskal mota daude, gutxienez. Alde batetik, aberatsek eta besteen lanaren kontura aberastu nahi dutenek egin ohi duten iruzurra dago, zergetan dagokiena ordaindu nahi ez eta beren enpresetako kontuak moldatzen dituzten enpresaburuek egiten duten iruzurra. Bestetik, politikariek zerga alorrean herritarrei egiten dieten iruzurra dago, gehien dutenak babestea eta zergen zama handiena soldatapeko langileen gainean ezartzea hain zuzen. Euskal administrazioak iaioak dira honetan. Gainera, batzuen kasuan, Gipuzkoan adibidez, iruzur mota hauei ustelkeria gehitu behar zaie.

Horrenbestez, administrazioak iruzur fiskalaren aurka egiten dituen hedabideetako kanpainak tentuz aztertu behar dira. Orain, iruzurraren aurkako telefonoa jarri nahi du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak, herritarrek inguruan duten iruzur fiskala sala dezaten. Jakina iruzurra salatu behar dela, baina tamalgarria da askoz eraginkorragoak diren bitartekoak erabili nahi ez dituen administrazioak, bere baitan iruzur kasu nabarmenak argitzeko dituen erakundeak, herritarren gain zama hau jarri nahi izatea. Urtero euskal sindikatuek iruzurra zenbatu eta publiko egiten dute eta honen aurrean itsu azaltzen dira Aldundiko arduradunak. Salatzekotan, argi dago nondik has daitezkeen: etxetik bertatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo