GARA > Idatzia > > Mundua

Homosexualitatea zigortzen duen artikulua indargabetu dute Indian

Britainiarren kolonizazio garaitik Indian indarrean zegoen homosexualak zigortzeko Kode Penaleko artikulua indargabetu zuen atzo Delhiko Goi Epaitegiak. Isun bat eta hamar urteko espetxealdiarekin zigortzen zuen artikulu horrek homosexualitatea.

p016_f01_148x108.jpg

GARA

Delhiko Goi Epaitegiak sexu bereko adin nagusikoen arteko harremanak despenalizatu zituen atzo. Hala, kolonialismo britainiarretik jasotako eta 150 urtez indarrean izan den diskriminazio historikoa bertan behera utzi dute. Atzo arte delitua zen homosexualitatea Indian.

1860an indarrean sartu zen Indiako Kode Penalaren 377. artikuluak homosexualen harremanak zigortzen zituen, batez ere sodomia. Atzoko epaian, berriz, artikulu hau Indiako Errepublikaren Konstituzioaren aurkakoa dela nabarmentzen da.

«Ezin da ahaztu bazterkeria pertsona guztien duintasunaren oinarri den berdintasunaren antitesia dela», adierazi dute epaileek.

Orain arte, Kode Penalak «naturaren kontrako jardueratzat» jotzen zuen homosexualitatea eta isun bat eta hamar urteko espetxe zigorra ezartzen zuen. Normalean legedia aplikatzen ez bazen, gay eta lesbianen eskubideen aldeko taldeek poliziek mehatxu ugari egin izan dizkietela salatu dute maiz.

Hala ere, Delhiko Goi Epaitegiaren epaiak ez du India osoan eraginik. Dena den, epaileek homosexualen aurkako artikulua adin nagusikoen arteko harremanetan India osoan aplika ez dadin eskatu dute, Tripti Tandon abokatuak France Presseri esan zionez.

«Oraingoz, epaia soilik Delhin izango da indarrean, baina bere garrantzia izugarria da eta erreferentziala izango da herrialdeko txoko guztietan», nabarmendu zuen Gautam Bhan gay militanteak.

ONUSIDAren txaloak

Delhiko epaia oso garrantzitsua dela adierazi zuen Nazio Batuen Hiesaren aurkako Programak (ONUSIDAk), eta horri esker homosexualak eta eritasun hau pairatzen dutenak ez direla ezkutuan bizitzera beharturik izango.

«Mundu osoan aurrekaritzat jo daiteke Indiakoa», adierazi zuen ONUSIDAko Susan Timberlakek. «Egun, 80 herrialdetan zigortzen dute homosexualitatea. Homofobia giza eskubideen urraketa da gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoentzat, transexualentzat eta lesbianentzat», adierazi zuen Timberlakek Genevan izandako prentsaurreko batean. Egoera honek VIH birusa duten pertsona ugarik beharrezko duten mediku arreta ez jasotzea du ondorio», gaineratu zuen Timberlakek. Egun 2,5 miloi pertsonak du hiesa Indian.

adin txikikoak

Indiako Kode Penaleko 377. artikuluak indarrean jarraituko du adin txikikoekin egindako harreman homosexualei eta bortxazkoei dagokienez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo