Gipuzkoako Batzar Nagusien bileran apartheida salatu eta Anza non dagoen galdetu dute
GARA
Gipuzkoako Batzar Nagusiek Zestoa hautatu zuten atzo osoko bilkura ibiltaria egiteko, eta herriko alkateak ezker abertzaleko batzarkideei hitza eman ziela-eta, saioa bertan behera utzi zuten.
Batzarkide independentistek, kamiseta laranjak soinean zituztela, «Non da Jon?» galdegin zuten, Rafaela Romero, Batzar Nagusietako lehendakariaren eta hautetsien haserrea eraginez. PSEko kideek bilkura utzi zuten; PPkoak, ostera, ez ziren saiora bertaratu ere egin, Zestoako Udala ezker abertzalearen esku dagoelako.
Gabriel Isasi ezker abertzaleko batzarkideak, erakundeak «apartheid politikoa oinarri» duela salatu zuen eta hauteskunde horietan ezker abertzalea 72.000 bozekin bigarren indarra izan zela ekarri zuen gogora. Bi urte hauetan, EAJk eta EAk oposiziorik ez dutela izan esan zuen eta «gipuzkoarron nahia guztiz itxuraldatu izana» gaitzetsi zuen, eredu neoliberalean emandako jauzia salatzearekin batera.