GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Euskal Herria zuzenean

Ilusioaren argiak jantziko du gaur Heleta

Gaur hasiko da Heletan hiru egunez herria jai giroz jantziko duen hitzordua. Bost urtetan Idauze-Mendiko larreetan izan eta gero, Nafarroa Beherera itzuli da Euskal Herria Zuzenean 14. edizio honetan. Herriaren erdigunea jaialdiaren plaza bilakatu den lehen aldi honetan desafioak eta itxaropena handiak dira. Antolatzaileek, herritarrek eta Udalak ilusioa eta lana uztartu dituzte.

p034_f01_123x197.jpg

Idoia ERASO | HELETA

Arrakastaren izarra jaialdia hasi baino lehen jada hasia da Heleta herria argitzen. Euskal Herria Zuzenean jaialdiko gaurko musika, zinema eta animazioak ikusteko sarrerak asteartean bukatuak ziren. Manu Chao, Emir Kusturika, The Bellrays eta gaurko beste musikariak ikusi nahi dituenak hiru egunetako bonoa beharko du erosi Heletan bertan. Arrosako garai onenetako jende kopurua berdintzeko itxaropena ere piztu da sarrerak nola saldu diren ikusita. 20.000 eta 30.000 pertsona artean biltzea espero dute aurten antolatzaileek. Izan ere, hiru egunetako sarreren aurretiazko salmenta iazkoaren bikoitza da. «Ilusio berri bat dago lotua Heletari. Bai herria biziki ederra delako, bai eta Baxe Nafarroara hurbilduta publikoa berreskuratuko dugulako», azaldu zuen Eneko Gorri antolatzaileak.

Urduritasun hori maila eta eremu askotan ari da zabaltzen. Bisitariek sarreren salmentaren bitartez erakutsi dutena, heletarrek jaialdiari eskainitako laguntzaren bitartez utzi dute agerian. «Oso giro ona dago, adostasun handia dago herrian duela hilabete batzuetatik», azaldu zuen Heletako auzapez Philippe Etcheparek.

Herriko tabernariek ere elkarlan hori nabarmendu dute. Larre tabernako jabe Ttotte Larrek bere etxe atzeko larrea eta etxea bera utzi die antolatzaileei: «Beti konfiantzaz jokatu dugu jaialdikoekin, gazteak lagundu behar dira. Sostengua eman diegu eta elkarrekin lan anitz egin dugu». Laguntza horrek jaiaren paisaia edertuko du, herriko plaza eta kontzertu eta txosnen eremua elkartzen dituen «tunela» Larretarren etxe azpitik pasatzen baita. Azpiegituraz gain, elkartasuna ere eskaini diete tabernariek: «Herritar batzuek arrangura dute, baina guk lasai egoteko erran diegu».

Azken uneko berriak

Aurten azken uneko berriak etengabe heltzen aritu dira. Aurreko astean jakin genuen Manu Chaoren kontzertua eta Fermin Muguruzaren dokumentalaren aurkezpena izango zirela, baina azken berriak ez dira bukatu, izan ere, Sorkun ere helduko da Zura taldearekin batera gaur.

«Arras kontent gara Manu Chao gurekin izateagatik, gure baloreekin bat egiten duelako, baina bere presentziak ez du ezkutatu behar horren atzean dagoen egitarau aberatsa», nabarmendu zuen Gorrik. Izan ere, aurtengo berrikuntzetako bat egitarauari lotua dago; azken urteetan baino ekitaldi gehiago izango dira egunean zehar.

«Festibalaren filosofian alde ekologikoa, herrikoia eta parte hartzailea sostengatzea sartzen da», azaldu zuen animazio taldeko Mirentxu Arbeletxek. «Heletarrek gauza ugari proposatuko dituzte, askariak eramango dituzte kanpalekuetatik hurbil. Bestalde, haurren txokoa ere egingo da, eta horretarako herritar batek bere etxea eskaini du», gaineratu zuen Arbeletxek.

Lan handia egin dute herriko elkarte eta ostalariek, baina Philippe Etchepare auzapezak jaialdiko antolatzaileen lana nabarmendu zuen: «Guk laguntzen ditugu, baina beraiek egiten dute lan guztia». Azpiegitura teknikoaz arduratzen den Jon Uhaldek herritarren harrera aipatu zuen: «Harrituak gara biztanleak ikusteaz, ezin hobeki hartu gaituzte. Gu detaile txiki guztiak zaintzen saiatzen gara eta horrek herritarrek gu era positiboan hartzea ekartzen du». Materialaren berrikuntzetan alderdi ekologikoa ere aipatu zuen Uhaldek: «Aurten komun guztiak `idorrak' izango dira», azaldu zuen, hau da, zerrautsarekin.

Agur Zuberoa

Gazteak lan horietan jo ta ke ari ziren bitartean, esku kolpe bat ematen han aritu ziren Idauze-Mendiko pentzea alokatzen zuen Anje Iturriague eta oraingo larrea utzi duen Ttotte Larre. Arazo teknikoei buruz aritu ziren. Herriko plaza eta kontzertuen eremua elkartuko dituen pasalekua, lehen lur hutsa zena, orain harriekin estali dute EHZko arduradunek, Larreren eskaeraren ondoren, «euria eginen balu, hemendik ezinen litzateke pasatu». Arrazoia eman zion Iturriaguek eta Idauze-Mendin jaialdia hasi aurreko egunean euria egin zuenekoa oroitu zuen. Gero kantarien autobusak eta bestelako ibilgailuak traktorearekin ateratzen nola ibili behar izan zuten kontatu zuen, «orain herrian izanik ez da horrelako arazorik izanen, dena asfaltatua da hemen».

Bizitakoa ere helarazi nahi izan zuen zuberotarrak eta Larreri argiki esan zion: «Ikusiko duzu ze zarata izanen den, eskerrak urtean bi egun besterik ez direla».

Jaialdiak Nafarroa Behereko Arrosan zortzi urte egin eta gero, Zuberoara eramatea erabaki zuten antolatzaileek, Idauze-Mendira hain zuzen ere. «Pario ederra zen Zuberoara milaka gazte ekartzea, baina gaur egungo gazteria ez da hainbeste mugitzen eta ez genuen lortu», aitortu zuen Eneko Gorri antolatzaileak. Arrosako azken urteetan 30.000 pertsona biltzea lortu bazen ere, Idauze-Mendin bost urte egon eta gero, iaz 12.000 pertsona bakarrik elkartu ziren.

Besta-bus

Arazo teknikoak kontuan izatekoak dira, Heleta herri polita izanik ere, bertara heltzeko hainbat gomendio eman eta azpiegitura prestatu dituzte antolatzaileek. Bost autobus linea daude: Hernanitik abiatuta Gipuzkoako linea, Iruñetik Nafarroakoa, Hendaiatik Lapurdi hegoaldekoa, Baionatik iparraldekoa eta azkenik Mauletik abiatuta barnealdeko jendea jaialdira hurbilduko duena. Ordutegiak eta geldiuneak EHZren web orrialdean daude ikusgai. Herrira heltzeko bideak txikiak direnez, antolatzaileek gaur arratsaldeko bostak baino lehen heltzea gomendatzen dute, auto ilarak saihestu eta kontzertuetara garaiz ailegatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo