GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Ipar Euskal Herriko sarekada, zorigaiztoko urratsa

Ekainaren 27an Lapurdin hasi eta Nafarroa Beherera zabaldu zen sarekadan atxilotutako zenbait lagunek, senideek eta Askatasuneko ordezkariek atzo Baionan azaldu zutenaren arabera, operazioak Kalaka auzia gogorarazten du. Hala ere, badirudi oraingoan Polizia frantsesak prozeduran beste urrats bat egin duela. Atxilotuek jasan dituzten tratu txarrak, tortura psikologikoaren bidezko presio onartezinak barne, «tortura fisikoaren mugaraino» iritsi dira. Hori dela eta, herritarrak mobilizatzera deitu zituzten atzo. Izan ere, gizarteak konturatu beharra du horrelako sarekadek sortzen duten egoera gero eta ohikoagoa dela eta egoera hori «normaltasun demokratikoaren» baitan aurkeztu nahi dutela. Alegia, «normaltasun» hori edonori suerta dakiokeela. Estatu frantsesean ere, azken sarekada jendetsuak erakutsi duenez, harako «disidentziaren aurka denak balio du» leloa nagusitzen ari da. Segurtasuna balio goren gisa aurkeztuta, ustezko segurtasun horren atzean eskubide eta askatasunen murrizketa ezkutatzen dute, eskubide guztiak bateragarriak ez balira bezala. Horregatik argi eta garbi utzi behar da zuzenbide estatu batean denak ez duela balio; ez du balio, esate baterako, estatu batek oinarrizko eskubideen aurkako praktikak abian jarri eta aldi berean bere burua demokratikotzat jotzeak, bata bestearen kontrakoa da eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo