Egunerokotasunak erakusten du Iraken aurreko nahiz oraingo plan militarren porrot borobila
Hil honen hasieratik estatubatuar soldaduak Iraketik atzera egingo zutela esan bazuten ere, ez dira etxera bueltatu. Handik Afganistanera edo, gehienez ere, Irakeko hirietako kuartel nagusietara eraman dituzte, kaleetatik ahalik eta urrunen. Beren nagusien planen arabera, eginbeharrekoak egin dituzte eta orain irakiarren ordua da. Irakiar erresistentziako kideek, ordea, beren eguna indar okupatzaileak bertara ailegatu ziren egunetik bertatik hasi zela uste dute. Atzo gutxienez 40 herritar hil ziren bonba leherketen ondorioz eta dozenaka izan dira zaurituak.
Irakeko herritarren izenean azaltzen diren plan militarren atzean ez dago, inondik inora, herritarren interesa, ez orain eta ez lehen. Plan horietan AEBetako agintarien beharrak azaltzen dira, argi eta garbi. Okupazioa irakiarrak askatzeko egin ez zen bezala, azken maniobra militarren helburua ez da irakiarrei boterea bueltatzea. Irakek Mendebaldeko indarrengandik jaso behar duena justizia eta erreparazioa da, lehenik eta behin, eta ondoren askatasuna, subiranotasunez beren interesen araberako erabakiak hartu ahal izateko. Atzerritarren plan militarren ordez, etxekoen plan politikoak, alegia.