GARA > Idatzia > > Ekonomia

Baionako gotzaina igandeetako lanaldiaren aurka agertu da, «antisoziala» dela iritzita

Arantxa MANTEROLA |

Parisko Asanblea Nazionalean igandeetako lana arautuko duen lege proposamenaren eztabaida abiatu berri den honetan, Marc Aillet Baionako apezpikuak ohar bat kaleratu berri du, eta bertan argi eta garbi azaltzen du neurri horren aurkako iritzia.

Aipatu legeak igandea atseden eguntzat hartzen badu ere, printzipio hori «eremu turistikoak» omen direnetan ez da beteko, saltoki gehienek irekitzeko aukera izango baitute, langileek inolako konpentsazio edo ordainik jaso beharko ez dutelarik.

Ailleten aburuz, «aparteko praktika» laster batean bilaka daiteke arrunt: «Ez da lehen aldia Frantzian legegileak ozen aldarrikatutako printzipioak indargabetzen eta edukiz husten dituela, salbuespena ohiko bilakatuz».

«Sindikatuek eta joera politiko desberdinetako diputatuek ere» igandeetako lanaldia orokortzeko arriskuaz azaldu duten kezkarekin bat egiten du apezpikuak.

«Atzerakada soziala»

Benedikto XVI. aita santuak kaleratu berri duen «Caritas in veritate» lehen entziklika sozialari eta «gizarte gaietan buru-belarri aritu diren kristau katolikoen oinordekotasunari atxikirik», Ailletek nabarmendu du «halako atzerakada soziala, kontsumismoa eta ekonomiaren nagusitasuna ezaugarri dituena eta gizakiaren, bere duintasunaren eta eskubideen kalterako inposatzen dena, onartezina dela».

Kristauentzat «Jaunaren eguna» izaki, igandeak garrantzi handia baldin badu ere, «edozein herritarrentzat defenditu behar den printzipioa da, atseden hartzeko eta familia eta gizarte bizitzarako beharrezkoa», gaineratu du, alde horretatik, Baionako gotzainak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo