Ekimenak espetxeetan EHUn ikasteko ezintasuna salatzeko
Estatu frantseseko espetxeetan ekimen ezberdinak egin dituzte euskal preso politikoek EHUn ikasteko ezintasunari aurre egiteko, amnistiaren aldeko mugimenduak ezagutarazi duenez. Plantoak, propaganda banaketak eta idazkiak egin dituzte salaketa moduan eta Paris VII Unibertsitateko irakasleen artean eta Alderdi Komunistaren egituran zehar ezagutaraztea lortu dute beren egoera.
GARA |
Fresnes, Fleury eta Rennes-eko espetxeetan dauden euskal preso politikoek ekimen ezberdinak egin dituzte EHUn ikastea galarazi dietela salatzeko. Amnistiaren aldeko mugimenduak azaldu zuenez Fresnes-en propaganda banaketa egin zuten ekainaren 2 eta 9an, egun horietan baitzituzten azterketak zehaztuta. Ekainaren 14an berriz, hamar minutuko plantoa egin zuten ikasketen etetea salatu eta ezagutarazteko.
Salaketa idazkia ere banatu dute espetxeko jardueratako arduradun eta zenbait langileren artean. 15 sinadura baino gehiago jaso dituzte eta idazkia espetxeko kanpoko zenbait eremutan zabaltzen ari da. Horren erakusgarri, Fresneseko eskola arduradunak EHUn ikasle presoez arduratzen denari beren haserrea erakusten dion idazkia bideratu izana ekainaren 22an.
Era berean, Paris VII unibertsitateko irakasleen artean, Frantziako Alderdi Komunistaren egituran zehar eta parlamentarien artean hedatzen ari da idazkia. Estatu frantses osoan espetxeetara kurtsoak ematera doazen ikasle boluntarien Genepi elkarteko lehendakariak ere euskal preso politikoen ikasketekin gertatutako salatzeko proposamena eramango duela zuzendaritza nazionaleko bilkurara agindu du.
Rennes eta Fleuryko kartzeletan berriz, irakasleei informazioa helarazi zaie ikasketak burutzeko ezarri zaien debekuaren berri emanez.
Kartzela aldaketak
Amnistiaren aldeko mugimenduak uztaila hasieran eman diren espetxe aldaketa ezberdinen berri eman zuen ere. Bederatzi euskal preso politiko kartzelaz mugitu dituzte. Kandido Sagarzazu donostiarra izan da Estatu frantsesean espetxez aldatu duten preso politiko bakarra. Azaldu zutenez La Santeko kartzeletik Fresnesera eraman dute uztailaren 2an.
Egun berean, Joana Regeiro, Aiboa Casares eta Naiara Mallabia Villabona, Topas eta Curtiseko kartzeletara eraman dituzte, hurrenez hurren. Regeiro Mansillako espetxean zegoen eta beste biak Villabonan.
Arantza Santesteban iruindarra eta Iñaki Garces berriz, Zuerako espetxera bidali dituzte Dueñas eta A Lamatik. Juankar Iglesias Chouza Valdemorora eraman dute Villenara dilijentziak egiteko eta Ainhoa Mujika Goñi Valenciatik Soto del Realera mugitu dute. Marije Fullaondo ere Villabonara eraman dute Soto del Realetik.
Beste alde batetik, euskal preso politikoen eskubideen defentsan elkarretaratzeak egin zituzten atzo herri ezberdinetan. Berangon 24 lagun bildu ziren eta Iruñeako Iturrama auzoan 16 lagun izan ziren San Ferminetan egon arren. Eibarren burutu zuten elkarretaratze handiena 60 lagunekin.
Espetxeko eskola arduradunak idazkia igorri zion ekainaren 22an EHUn ikasle presoez arduratzen den pertsonari beren haserrea adieraziz ikasketak eten izanagatik.