GARA > Idatzia > > Euskal Herria

San Fermin 2009

Gaztetxoen peñek ere badute sanferminetako topalekua Mañuetako frontoian

Atzo, eguerdiko hamabi eta erdietan, Mañuetako frontoian bildu ziren peña guztietako gaztetxoak, eta kalejira eta «lunch»-arekin osatu zuten goiza. 19.30ean San Lorentzotik bigarren kalejira bat ere egin zuten.

pf09_f02.jpg

pf10_f03.jpg

I.A. |

Sanferminak hasi aurretik, urtero peña guztietako gaztetxoak pankartak margotzeko elkartu ohi dira. Urduri aritzen dira, zer margotuko pentsatzen. Haiek ere bai baitute sanferminetan zer esana.

Atzo, seguru asko, ohi baino goizago altxatuko ziren, hamabi eta erdiak noiz iritsiko zain. Haur askorentzat sanferminak nekagarriak badira ere, peñetako txikiek egun batzuez protagonista izateko aukera dute. Gurasoekin kalera atera eta elkar- tera bidean asko tripako minez doaz, batzuek kilikiak eraman behar dituzte, beste batzuk erraldoiak, besteek pankarta... eta noski, urte osoan prestatzen aritu direnek musikaz alaitzen dute kalejira. Haien esku geratzen da guztia; gurasoak atzetik joan arren, umeak izan ziren atzo goizean Iruñeko karrikak kantuz eta musikaz alaitu zituztenak.

Kalejira

12.30ean zuten hitzordua Mañuetako frontoian. Normalean peñako bazkide direnen umeak aritzen dira, baina ez da derrigorrezko baldintza. Umeek kalejira egitea proposamen berria izan da aurten eta badirudi primeran pasa zutela.

Peña guztietako kideak elkartu bezain pronto eta lunch-a bukatuta abiatu ziren Iruñeko kaleetan barrena. Pankarta nork hartu behar zuen eta zenbat denboraz erabakitzeko istilu txiki batzuk izan baziren ere, azkenean nahi zuten guztiek probatu ahal izan zuten pankarta eramatearen zirrara. Nabaria zen txikiak zihoazela aurretik kalejiraren erritmoa nahiko azkarra baitzen. Mañuetako frontoiko eskailerak di-da batean igo zituzten hainbat guraso atzean utzita. Arratsaldeko zazpietan berriz elkartu ziren, eta uztailaren 13an ere beste kalejira bat egingo dute Alde Zaharrean barrena. Horrez gain, badituzte ekintza gehiago, peña bakoitzak badauka egitarau propioa gaztetxoentzat, dena den, egunero zezen-plazatik lehenak irteten dira helduen ibilaldian. Azken finean, beraiek dira etorkizuneko bazkideak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo