Floren Aoiz www.elomendia.com
Besta eta oroitzapena
Haiengatik balitz, peñak debekatuta egonen lirateke. Haiek, ahal izanez gero, ilegaltzat hartuko dituzte gure kantuak. Haurrek erraldoiak ikusi ahal izateko, ETAren jarduera gaitzetsi beharko lukete. Dena kontrolpean izanen lukete, ahal izanez gero. Zorionez, ezin dute.Urtero bezala, aurten ere oroitzapenak izan du bere lekua sanferminetan. 1978ko gertaera larri horiek hiria zauritu zuten eta bide batez, euskaldunon ilusioak urratu zituzten. Agerian gelditu zen trantsizio eredu hura ezartzeko edozer egiteko prest zeudela. German hil zuten, lagun aunitz zauritu, izua bilakatu zen jaun eta jabe, eta ordutik pasa diren urteetan oroitzapena deuseztatu nahi izan dute, egindako iruzurraren arrastoa ezkutatzeko.
Bada, alta, ahantzi nahi ez duen jende frango. Bada, zorionez, uztailaren 8a bihotzean erroetara sartua duen lagun multzo zabala. Garai horiek gertutik ezagutu zituztenez gain, gazteengana ere iritsi da oroitzapenaren sua. Mobilizazioetan parte hartu duten gazteen kopurua ikusi besterik ez zen. Gazte askok oroitzapena maite dute, ikasi dutelako etorkizunaren gakoa dela. Jakin bai baitakite ez dela alferrikako nostalgia, aske bizitzeko grinaren oinarria baizik.
German Rodriguezen omenez egiten diren ekitaldi guztiak hunkigarriak dira, zinez, besta giroan borrokak duen protagonismoa islatzen dutelako. Baina, beharbada, arratsaldeko kalejira, peña gehienen parte hartzeaz gauzatzen dena, esanguratsuena da. Zergatik? Maila batean kaos eder batek Iruñeko kaleak gainezkatzen dituelako. Ez da ohiko manifestazioa, ezta ohiko kalejira ere. Askotan kaosa da, batez ere, peña bat hemen, oihuak bere gibelean, presoen argazkiak hasieran, isiltasuna, seriotasuna eta parranda nahasita. Oroitzapena, aldarrikapen politikoak, kantuak, dantza, alaitasuna, dena nahasirik, korapilo harrigarria osatuz.
Hau da gure herria, besta biziki maite duena, kaosa eder bilakatzen duen herria, nahasketaren erdian antolakuntza eredu berezia sortu eta gorde duena. Ekaitzen erdian irribarretsu eta kantuz dabilen herria. Eroen herri bat, menturaz. Herri ero bat, askoren ustean. Gurea, hots, maite dugun herria. Aske ikusi nahi dugun herria. Ero samar izan behar, euskaldun gisa bizi nahi izateko. Barbaroak, paganoak, basatiak, sorginak, matxinoak, terroristak; honela ikusi nahi izan gaituzte mendetan zehar. Kolonizatu gaituztenek ez dute maitasunez hartu gure nortasuna. Ezta gure hizkuntza ere, jakina. Gauza bera gertatu da bestekin, eta horregatik, sanferminetan ere izugarrizko lehia dago, batzuek molde kolonizatzaileak ezarri nahi dituztelarik. Haiengatik balitz peñak debekatuta egonen lirateke. Haien eskuetan balego, kaleko musika ilegala litzateke. Haiek, ahal izanez gero, ilegaltzat hartuko dituzte gure kantuak. Haurrek erraldoiak ikusi ahal izateko, ETAren jarduera gaitzetsi beharko lukete. Dena kontrolpean izanen lukete, ahal izanez gero.
Zorionez, ezin dute. Urtero ematen dute urrats bat. Aurten, berriz ere, herri mugimenduek osatutako Gora Iruñea baztertu nahi izan dute. Erraldoien aipamena ez zen gehiegikeria. Ez da hori gertatu, baina Gora Iruñeak ETA gaitzestea esparrua izateko baldintza bilakatu zuten. Ezarpena eta xantaia guztiz benetakoak dira eta urtero areagotzen dira. Alferrik, berriz. Indartsu dabil Iruñeko herri mugimendua. Indartsu dabil besta bestela bizitzeko asmoa. Oroitzapena bizirik dago, eta besta giroan ere bestelako Euskal Herria eraiki nahi dugu. Egunen batean sanferminak herri independente baten hiriburuko bestak izanen direlako!