GARA > Idatzia > > Euskal Herria

AHT Ipar eta Hego Euskal Herrian bateraezina dela utzi dute agerian

Urdazuri-Bidasoa elkarteak atzo Urruñan aurkeztu zuen ikerketaren arabera, Ipar eta Hego Euskal Herrian ezarri nahi dituzten abiadura handiko trenbideen proiektuen helburuak bateraezinak dira. Ipar Euskal Herrian trenbide berria egiteko arrazoi nagusia merkantzien garraioa da; Bidasoaren hegoaldean, berriz, bidaiariak dira. EAEko sareek 110 tren hartu ahal izango lituzkete, eta, Lapurditik, berriz, 265 tren pasa ahal izango lirateke.

p010_f02_149x109.jpg

Idoia ERASO |

Ipar eta Hego Euskal Herrian Abiadura Handiko Trenaren eta trenbidearen kontra lan egiten duten elkarteek maiz aipatu dute bi egitasmoen helburuak aurkakoak direla. Urdazuri-Bidasoa elkarteak lehen aldiz bi aldeetako ikerketak eskuetan hartu eta zenbait datu kontraesankor atera dituzte argitara. Lapurdi aldeko datuak Frantziako Trenbide Sareak eta CADE kolektiboak eskatu zuen ikerketa independenteetan oinarrituta daude. Bidasoaren hegoaldeko datuak Lakuako Gobernuak 2008ko otsailean argitaratu zuen «Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide bidezko merkantzien garraioan nazioarteko zabalera duen trenbide sare berriak duen eragina» txostenetik ateratakoak dira.

Azken txosten horretan Euskal Y-az gain, RENFE, FEVE eta EuskoTreneko sareak ere hartzen dira kontuan. Ipar Euskal Herriko loturari dagokionez, bi lehenak dira kontuan hartzen direnak.

Ondorio kontraesankorrak

Bidasoa aldeko elkarteak aurkeztu duen txostenean zenbait ondorio kontraesankor atera dituzte. «Euskal Y eta Renferen sare berritua europar zabalerari egokitzeko, erkidegoko barne mugikortasun beharrei aurre egiteko lehentasuna dute», esan zuen elkarteko Pantxo Tellierrek. Oinarri horretatik abiatuta, elkarteak bi trenbideen ahalmenaren %65a autonomia erkidegoko eta penintsulako bidaietarako izango dela aurreikusi du. Hau da, 204 bidaiari-tren izango direla 2030. urtean eta 47 merkantzietarako. Horrek Gipuzkoatik Iparralderako garraioaren %35 besterik ez du uzten, hau da, 22 bidaiari-tren eta 87 merkantzien garraiorako.

Lapurdi zeharkatuko lukeen Abiadura Handiko Trenarentzako trenbide berria egitea aipatzen dutenean, trenbide zaharra berritzean egunero 264 tren hartzeko ahalmena izango lukeela ere nabarmendu zuten elkartekoek.

Bestalde, Ipar Euskal Herriko trenbide autobideak Euskal Y-arekin dituen elkarrezintasun teknikoak ere aipatu zituzten. Izan ere, ibilbidearen %60 tunela da Bidasoaren hegoaldean. Bestalde, trenbide autobideko tren luzeek %1ko aldapa igo dezakete gehienez eta AHTren trenbide berrian %1,5 eta 1,8 arteko aldapak daude. Bihurguneen kurbadura-erradioa ere aipatu zuten, 3.500ekoa baita zenbait tokitan eta tren luzeok 8.600 eta 8.800ekoa behar dute.

Elkarteak egin duen ikerketa hori Lapurdiko hautetsiei igorri diete eta aurrerantzean egingo diren analisietan kontuan har dadin eskatu dute. Lapurdi hegoaldea, Errobi eta Aturri Errobi herri elkargoetako hautetsiekin mintzatu dira, eta elkargoek eskatu duten ikerketa independentea jasotzen dutenean txosten hau ere aintzat hartzea eskatu diete. Ikerketaren emaitzak hilaren bukaeran emango dituzte aditzera. Datu horiek AHT Gelditu! elkarteari ere helaraziko dizkiete gerora elkarlana abian jartzeko.

Garraio politika

Estatu frantseseko Trenbide Sarearen eta Estatu espainoleko garraio politikak guztiz aurkakoak direla nabarmendu zuen elkarteak. SNCFk tren garraioaren alde egiten du, eta Estatu espainolean, berriz, kamioien alde egin da apustu. Errepideetako azpiegituretan Estatu espainola munduko bigarrena baita AEBen ondotik, eta 2013. urterako 13.000 kilometro errepide egotea aurreikusten da.

Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako trenbideetan 2006an bost milioi tona merkantzia garraiatu ziren, gehiengoa (2,4 milioi) siderurgia-produktuak, eta atzetik eraikuntzarako produktuak eta automobilak. Abiadura handiko garraioa ez dago horrelako produktuetarako egokitua.

Egun, Lapurdiko trenbidetik egunero 53 tren pasatzen dira, eta SNCFk %340ko hazkundea aurreikusten du 2020rako, oso sinesgarria ez den bilakaera. Horrela, behar baino gutxiago erabiltzen den trenbide bat izanik, bigarren bat egiteko proiektua zentzugabea dela salatu dute.

zenbakitan

110

tren igaro ahalko lirateke Lapurdi eta Gipuzkoa artean 2030. urtean, EAEko ikerketen arabera. Ipar Euskal Herriko ikerketek 210 tren pasako liratekeela aurreikusten dute eta 265 tren hartu ahalko lituzke. EAEk ezin ditu gehiago hartu trafikoaren gehiengoa bertako ibilbideetarako pentsatua dagoelako.

160

tren merkantzia igaroko dira egunean 2020. urterako Estatu frantseseko Trenbide Sarearen aurreikuspenen arabera. EAEkoek 87 merkantzia tren aipatzen dituzte 2030. urterako.

%1

Ipar Euskal Herrian proposatzen den trenbide-autobidea erabiliko luketen tren luzeek gainditu dezaketen malden gehienezko maila da. «Euskal Y»ak %1,5 eta 1,8ko aldapak ditu.

3.500

da «euskal Y» deitu sareko zenbait biragunek duten erradio kurbadura, eta trenbide autobideak 8.800ekoa behar du.

Cuatro identificados en Bilbo por acciones contra el TAV

La Ertzaintza identificó ayer por la tarde al menos a cuatro personas en Alde Zaharra de Bilbo, al parecer después de que desconocidos realizasen pintadas contra el TAV en vagones de trenes. Por otro lado, Lakua adjudicó ayer a la UTE Dragados, Obras Subterráneas, Iza Obras y Promociones y Campezo las obras del tramo Beasain Este del TAV, entre Beasain y Ordizia, por 38,4 millones de euros y un plazo de ejecución de 32 meses. El trazado tiene una longitud de 2.159 metros.

En Bedia, por otro lado, una decena de personas se concentró ayer por la tarde frente al ayuntamiento, donde debía efectuarse el levantamiento de actas de expropiación; el edificio estaba cerrado. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo