Lurraren Erabilpenerako Erakunde Publikoak Ipar Euskal Herria izango du lan eremu, Biarnoa kanpoan utzita
GARA |
Lurraren Erabilpenerako Erakunde Publikoak (EPFL) biltzar orokorra egin zuen atzo Saran. 2009. eta 2010. urte artean Ipar Euskal Herriko eremu guztia jorratuko duen higiezinen arloko erakunde honek Biarnoara ez zabaltzea deliberatu zuen aho batez atzo. Horrela, Ipar Euskal Herria bere osotasunean hartuko duen erakunde publiko bakarrenetakoa bilakatuko da EPFL.
Erakunde publikoa duela bost urte sortu zen Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako higiezinen merkatuaren egoerari aurre egiteko. Maiatzaren 30eko biltzar nagusian EPFL Biarnora ere zabaltzea proposatu zen, departamenduko erakunde bilakatuz. Horri aurre egiteko, Jakes Abeberry Biarritzeko zinegotzi abertzaleak estatutuak aldatzea proposatu zuen Euskal Herriko egitura bilakatu zedin. Atzo bertaratu ziren hautetsiek eta erakundeetako arduradunek aho batez onartu zuten Abeberryren estatutu aldaketa. «Ipar Euskal Herrian tresna batek ongi funtzionatzen duelarik kentzen digute», adierazi zuen Batera plataformako eta Baionako zinegotzi Martine Bisautak.
Lapurdiko herri elkargo guztiak eta Nafarroa Behereko zenbaitek hartzen dute parte egun erakunde honetan. Iholdi-Oztibarreko herri elkargoa ere sartzea ekainean deliberatu zuten eta urtea amaitu baino lehen Zuberoako elkargoa ere EPFLren parte izango da. Amikuzeko mankomunitatea seguru asko 2010ean sartuko da. Horrela, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa bere osotasunean (Arrangoitze izan ezik) erakundearen parte izango dira.
2008ko balantzea
Atzoko biltzarrean 2008ko balantzea ere aurkeztu zuten, eta aditzera eman zutenez, 24 lursail erosi zituzten. Orotara, 17,16 milioi euro erabili zituen erakundeak bere interbentzioak gauzatzeko eta 6,3 milioi euro lurrak erosteko. Aurrekontuaren erabilpenari dagokionez, %70 etxebizitzak egiteko interbentzioak izan ziren eta %29 garapen ekonomikoa sustatzeko baliatu zuten.
Lurzoruaren Erabilpenerako Erakunde Publikoa higiezinen merkatutik kanpo lurrak erosi eta eremu horietan etxebizitza sozialak edo prezio apalekoak eraikitzeko sortua izan zen. Horrela, etxebizitzaren merkatua erregularizatzeko tresna izatea du helburu. Orain arteko ibilbideak ikusita, Biarnoko sozialistek eskaera egin zuten departamendu-erakunde bilakatu zedin. Horren aurrean euskal hautetsiak mugitzen hasi ziren eta Biarnoan gehiengoa duen alderdi sozialistaren azpijoko politikotzat hartu zuten.