GARA > Idatzia > > Kultura

Eszenak

Hogeigarren urteurrenean suak hartuko ditu Lekeitioko kaleak

Gaurtik hasi eta igandera bitarte, Lekeitioko kaleak Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiaren agertoki bilakatuko dira. Egitarau mardula prestatu dute antolatzaileek, antzerkiaz nonahi gozatzeko aukera izateko. Aurten 20 urte beteko ditu jaialdiak, eta sua izango da urteurrena ospatzeko elementu nagusia hainbat ikuskizun baliatuta plazaratuko dena.

p045_f01_147x112.jpg

GARA | LEKEITIO

Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiak gaur emango dio hasiera 20. edizioari. Egitarau oparo baten itzalean eta izenak berak dioen bezala, Lekeitioko kaleak antzerki gune bilakatuko dira igandera arte. Horrela, Euskal Herriko zein nazioarteko taldeek izango dute lekua jaialdi honetan. Izan ere, nazioarteko mailak ematen dio jaialdiari prestigio eta itzal handia. Euskal taldeez gain, edizio honetan beste lurralde batzuetako antzezleak ere gonbidatu dituzte. Hortaz, Estatu frantsesa, Argentina, Katalunia, Galizia eta Gaztelako taldeak izango dira bertan.

Scura Splats talde kataluniarraren «Corral Kaos» haur-animazio lanarekin hasiko da jaialdia (19.30); horren atzetik, kalean izango dira Famme Fatale frantsesak, «Cabaredeambultante» kale kabaretarekin (20.30). Lehenengo jardunaldiko azken ikuskizuna Karnavires taldeak eskainiko du. «Odysseus» izenburupean, kalejira eta sua uztartzen dituen ikuskizuna izango da ikusgai.

Hogeigarren urteurrena

Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdiarentzat data berezia da aurtengoa, 20. urteurrena ospatzen baitu. Horren karietara, suarekin zerikusia duten hainbat ikuskizun prestatu dituzte. Mediterraneoko usadio zaharrez gozatzeko, Correfoc suzko kalejira abiaraziko du Scura Splats taldeak su azpiko dantza ikusgarri bat sortuz. Horrez gain, Estatu frantsesetik etorritako Karnavires taldeak kondaira greziar baten suzko moldaketa porturatuko du, bertan ere sua eta kalejira uztartuta.

Halaber, kale-antzerki musikalak Zanduango Eidabe eta Famme Fatale taldeen proposamenak dira, zeintzuetan zuzeneko musika, kantak eta dantzak diren protagonista. Abangoardiaren bidea jorratu du, bestetik, Gaitzerdi taldeak «Otsoko» lanarekin ipuin klasikoen moldaketa bat eginez. Egitaraua biribiltzeko, gaur egungo clown ikuskizunak eskainiko dituzte Salitrek eta Hortzmugak, umore ukitua emanez.

1979. urtean Lekeition «Topaketak» antolatu ziren, jaialdiaren aitzindari izan zirenak. Urte hartan Danimarka, Italia eta Euskal Herriko taldeak bildu ziren eta euskal antzerki independentearen mugimenduaren hasiera izan zen. Bi hamarkadetan 150 antzerki konpainia plazaratu dira jaialdi honi esker, eta bost kontinenteetatik etorritako antzezleek zapaldu dute Lekeitioko plaza. Aurten ere mailari eutsiko dio, ziur.

kultura

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo