«Gazteen dinamikak beldur-ikara sortzen dio Parisi eta errepresioarekin ihardetsi du»
Joan den ekainaren 30ean atxilotu zuten Segiko beste hainbat kide bezala, egun gutxira kargurik gabe aske geratzeko. Polizia-operazioa, egiaz, «gazteriak alor guztietan darabilen dinamikaren kontrakoa» izan dela deritzo. Bere ustez, lan eta borroka horren eraginaren «beldur» da Paris eta errepresioarekin «amatatu» nahi du.
Nola baloratzen duzue joan den asteko polizia operazioa?
Guretzat operazio hau garai berezi batean gertatu da. Gazte mugimenduan belaunaldi berri bat heldu da eta Estatua ikusten ari da oso dinamikoa dela gainera, hau da, lanean ari dela eremu askotan, gazte-martxan, ikastetxeetan, EHZ jaialdian, hauteskundeetan, espekulazioaren kontra, gazteen eskubideen alde... Horren guztiaren aurrean, Estatu frantsesak zein espainolak beldur-ikara sentitzen dute.
Zer helburu dute atxiloketa andana ekartzen duten operazio hauek?
Gazteok erakusten ari garen indarraren aitzinean, Estatuek atzematen duten erantzun bakarra errepresioa da, gure etxeetaraino ekartzen dutena. Jokaera horrekin egiaz bilatzen dutena da gu beldurtzea, makurtzea, kriminalizatzea eta gure lana eta borroka desaktibatzea. Hori da haien helburu nagusia.
Baina antzeko sarekadak ez dira berriak Ipar Euskal Herrian. Badira urte batzuk behin eta berriz gertatzen direla...
Bai, hala da. Hasi ziren adin txikikoak komisariara deitzen. Batzuen kasuan, beren etxeetaraino joan ziren eta miatu ostean atxilo eraman zituzten. Mehatxu eta presio gogorrak jasan zituzten. Geroztik jende asko izan da deitua, horien artean, gazte mordoa. Azken hilabeteotan hogeita hamar gaztetik gora pasa dira komisarietatik. Guztiei fitxak egin eta DNA laginak eta hatz markak hartzen dizkiete. Sekulako fitxategia osatzen ari dira.
Zuri ere hartu al dizkizute laginak?
Bai. Borondatez ematera uko egin nion, baina edalontzitik eta arropatik hartu zituzten.
Nongo poliziek hartu dute parte galdeketetan?
Txandaka aritzen ziren. Egunez, Baionako eta Bordeleko polizia bana eta, gauez, bi Parisekoak. Baionako komisarian bederen, atxilotu guztiek polizia ezberdinak izan ditugu. Galdera gehienak politikoki hainbat gaiez zein iritzi genuen jakitera bideratuak ziren.
Segikoa izateagatik trataera berezitua izan al duzue?
Galderak egin dizkigute eta, nola ez, baita moral lezioak eman ere; instrumentalizatuak garela eta antzekoak esan dizkigute, baina gure aldetik joko horretan sartzen ez ginelarik, berehala etsitzen zuten. Halere, argi eta garbi azaltzen ari zaigu Estatu frantsesaren estrategian ere Segi jomuga dela. Bere era kukutuan debekatzen saiatzen ari da.
Zuen atxiloaldiko egun guztietan elkartasun handia izan da kalean...
Izugarria izan da. Ni neu harrituta geratu naiz. Errepresioarekin jendea «zikintzea» bilatzen dute, auzokoei zerbait txarra egin dugula sinetsaraztea, ‘terroristak’ garela... Pozgarria izan da ikustea ez direla tranpan erori eta elkarretaratzetara joan direla.
Larunbaterako manifestazioa deitu duzue. Zer mezu helarazi nahi duzue?
Lehenik eta behin Ibai, Eneko eta Gilen espetxeratutako gure kideei elkartasun eta sostengu osoa helarazi nahi diegu. Bestetik, adierazi nahi dugu, Euskal Herria eraikitzeko sekula baino gehiago borroka dela bidea. Sarekada hauek guztiak euskal gatazkaren adierazle dira eta sostengu onena karrikan gure proiektuetan lan egitea dela zabaldu nahi diegu gazteei bereziki.
Zein da hitzordua?
Manifestazioa baino lehen auto-karabanak izango dira. Bat Baionako San Andres plazatik irtengo da eguerdiko ordu batean eta bestea, berriz, Hendaiako Kanttu ostatuaren aitzinetik, arratsaldeko lauretan. Manifestazioa 17.00etan izango da.A. M.