GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Egungo «americana» ulertzeko ezinbesteko, Lucinda Williams aurrenekoz Euskal Herrian

Musikarien eredu, itzal handiko artista dugu Lucinda Williams. Estatubatuarra ilunpetik atera eta Kafe Antzokira gerturatuko da datorren asteartean, zaleek irrikaz espero duten emanaldia eskaintzeko.

A. BILBAO | BILBO

Krisiak krisi, hogei sarrera baino ez zituen saldu behar atzo Lucinda Williamsek Kafe Antzokiaren edukiera mugatuberria asetzeko. Izan ere, zale amorratu, kazetari aditu eta bestek gorriz markatua dute datorren asteartea aspaldidanik, nor eta Lucinda Williams non eta Kafe Antzokiko hurbiltasunean, askorentzat luxuzko hitzordua izango baita.

Iparramerikar sustraidun rock (folk edo country) doinuak egun ulertzeko ezinbesteko dama, bizitza gorabeheratsua izan du Williamsek oso, baina itzal handiko izarra da AEBetako musikagintzan («Time» aldizkariak kantugile onena hautatu zuen 2002an). Eta, besteak beste, Steve Earle musikaria eta Rick Rubin ekoizle entzutetsua ere hiru Grammy eskuratu dituen Louisianako emakumearekin lan egindakoak dira. Emmylou Harrisek miretsia, egun arrakasta handiko Wilco eta The Jayhawks taldeen soinua ere, ez dago Lucinda Williams gabe ulertzerik.

Lucinda Williams (Luisiana, 1953) literatura irakasle baten alaba da, eta txikitan batetik bestera ibili zen beraiekin, tartean Mexiko eta Txileko Santiagon ere denboraldi luzeak eginez. Asteon musika aldizkariei emandako elkarrizketetan «txiki-txikia nintzela, 6 urte ingururekin hasi nintzen idazten, ipuinak, poesiak eta abar» adierazi du askoren ustez musikari bezain olerkari ona den emakumeak: «Sormen handikoa izan naiz beti eta laguntza handia izan nuen horretarako, etxea beti idazle eta sortzailez beteta zegoen-eta».

Jenio bizikoa

Gaztetan gurasoen etxetik alde egin baino urte batzuk lehenago, ikastetxetik bota zuten Williams, 1969 inguruan, antza denez, AEBetako banderaren ereserkia abesteari uko egin ziolako. Aitak orduan, liburu zerrenda bat egin omen zion, hurrengo ikasturtea hasi arte etxean irakur zitzan.

Behin loturak askatuta, etxetik alde egin zuen gero ilehoriak, eta bere musika ibilbidea Texasen hasi, gitarra hutsez jo eta jo hogei urte igarotzeko. «Car Wheels on a Gravel Road» bosgarren lanak ekarri zion ospe eta arrakasta 1998an, eta geroztik eredu bihurtua da. Orain bost urte «World Without Tears» maisulana eman zuen.

Bilbon «Little Honey» aurkeztuko du zuzenean

Iazko urriaren 14an argitaratua, Lucinda Williamsen bederatzigarren estudioko lana da «Little Honey» (Lost Highway Records), 2007ko «West» ilunaren ostean emana. Guztira hamairu kantu biltzen dituen diskoa AC/DC talde australiarraren `It's a Long Way to the Top' kantuak ixten du, eta tartean Elvis Costello, Susanna Hoffs, Matthew Sweet eta Charlie Louvin musikarien kolaborazioak biltzen ditu. Lanak `Real Love' du lehen singlea, eta AEBetan 35.000 ale saldu zituen plazaratu eta lehen astean. Bilbon maila handiko musikariz osatutako banda izango du lagun, tartean Eric Schermerhorn gitarra-jotzailea.

A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo