GARA > Idatzia > Kultura > Musika

KRITIKA Pretenders

30urte takoiekin oholtza gogor zapaltzen

Anartz BILBAO

Takoi luzedun botak, bakero estu estuak eta mauka gabeko txaleko argia jantzita agertu zitzaigun bai, Kursaaleko oholtza gainean, Chrissie Hyne The Pretenders taldeko buru eta arima, orain hiru hamarkada zeraman orrazkera berarekin atondua.

Ingalaterrara rock gosez joandako damak baina, ez dauka nerabe plantak egiten ibiltzeko beharrik, eta berezko grinaz eta dotoreziaz eroso gidatzen du zuzenekoa.

21.15ean, Hynde buru zuela agertu zen The Pretenders boskotea oholtza gainean, rock amorruz eta argi zuriz, espero baino egosi hobea agertu zuten “Boots of Chinese Plastic” –lan berria ere irekitzen duena– eta “Don´t Cut Your Hair” kantu berrien erritmora: «Bat, bi eta hiru».

Oholtza zurrun eta erdi huts batean (monitore gutxi batzuk baino ez), Hynde Nick Wilkinson baxu-jotzailearen eta James Walbourne (txinpartak sortzen bikain) gitarra-jotzailearen erdian ageri da, atzean Martin Chambers bateria-jotzaile eskarmentuduna eta albo batean Eric Heywood steel guitarrean dela. Hirugarren gitarra honek gaurkotu egiten ditu taldearen betiko kantuak, egun bogan dagoen americana sonoritatera hurbilduz.

Jatorrizko talde erdia aspaldi zendua bada ere, bizirik irauten dutenen sena du Hyndek, eta taldea sortu zueneko hiru hamarkadak ospatzen ari da egun, eraberritu duen The Pretenders sendoarekin.

Behin abiada hartuta, pasarte sentikorrak –“Tequila”– eta energikoagoak  – “Rosalee” gordina– tartekatzen ditu bi orduko ikuskizunak, Hynderen ahots iturri bikaina lagun. Aspaldiko kantuak dira baina, “Back on the Chain Gang” kasu, gaueko izarrak. Bereziki, ikurrina eskuan hartuta emandako “Brass in Pocket” eta bukaerako “I´ll Stand by You” edo “Precious”, bakoitzak bere kuttunena du-eta.

Kontzertu ederra izan da, pentsa litekeena baino kantu dotore eta iragangaitz ugari  dituelako taldeak, primerako soinu eta aldartearekin joak, baina esan dezagun garbi ez gaituela inolaz ere hunkitu. Txispa falta izan zaigu, Hynde bezain ondo zahartu ez garenaren seinale, akaso. Alta, ikus-entzule gehienak adinez gu baino nagusiagoak ditugu, eta aurki jarri da zutik, kantuak sututa jarraitzeko.

Kursaala bete ez bazen ere, gutxi falta izan zitzaion, eta zaleen artean giro aparta sortu zen atzokoan. Egunotan kontzertu andana dugu gurean eta horren sarrera garestiekin zaila da bete-betean asmatzea. Krisiak gogor jotzen du bai, baina aretoak errazago beteko lirateke euskal hirien arteko bideetan ordainsariak desagertuko eta bereziki A8 deituriko erokeria behingoz irekiko balute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo