Sonia Gonzalez Idazlea
Arduragabekeria medikoak
Ameriketako Estatu Batuetan osasun sistema «lehiakorra» dute, hau da, guztiz pribatua. Horrexegatik da ume gehien hiltzen diren bigarren herrialde industrializatua
Latza da benetan umeak hiltzea, askoz latzagoa jendearentzat oro har telebistak latza dela ohartarazten duenean. Latza, era berean, amaren heriotza, larrialdietara eta beste ospitale batera jo arren, ez zioten gaixotasuna diagnostikatu eta. Ez dut kasu zehatz honi buruz berba egiteko asmorik, baina kasu zehatzak izaten dira osotasunaren isla ematen digutenak.
Benetan lotsagarria da zenbait politikarik, adituk, kazetarik eta «tertuliano»k sakoneko eztabaida ezkutatzeko egiten duten ahalegina. Izan ere, uneotan osasun zerbitzuen egoera kaskarra hizpide izatea «gustu txarrekoa» dela entzun nuen lehengo egunean irrati batean. Segidan, arrainei igerian irakasten dieten horiez osaturiko talde batek aho batez erakutsi zuen adostasuna. Akaso, eztabaida hori egin beharko dela, jarraitu zuten, baina beste une batean. Eta jarrera ulergarria da, litekeena baita honelako une berezietan, jendea bereziki sentikor dagoela, pribatizazio eta arduragabekeria politika hauek gizartearen erantzun zabala jasotzea.
Osasun sistemen egoera benetan da larria eta larriagotu egingo da berdin jarraituz gero. Baina arazo hau ez da Euskal Herrikoa, Madrilgoa edo espainiar Estatukoa soilik. Sistemaren birmoldaketa basati honek «ongizate estatu» izeneko hori ziren edo izan nahi zuten herrialde guztiei eragiten die gaur egun. Agindua goitik dator: saleros daitekeen guztia salgai bihurtu behar da. Eta honek, jakina, osasuna ere hartzen du. Horretarako biderik eraginkorrena sistema publikoa desegin eta apurka pribatizatzen joatea da. Prozesu honek Europa bete-betean kolpatu du, batez ere 1994tik (merkataritza eta zerbitzuen inguruko akordioa).
Baina zelan lortzen da herritarrek sistema publikoari uko egitea? Lehen pausoa osasun zerbitzuekin haserraraztea da: bost minutu eskaseko arreta gaixo bakoitzari, erizain eta laguntzaile gutxi, itxarote-zerrenda amaigabeak... Zerbait ondo ez dabilela igartzen du mundu guztiak. Hauxe izaten da administrazioek eztabaida pizteko unea: osasun sistema ez dela eraginkorra, ezinezkoa dela behar bezalako arreta ematea, oso garestia dela... finantziazioaz hitz egin behar dela eta lehiakorrak izateko ekimen pribatuari zabaldu behar zaizkiola ateak.
Duela gutxi klinika pribatu batera izan nintzen, Osakidetzak bideratuta. Jende ugari, gaixoak bata bestearen atzetik, denak Osakidetzak bidalita. Itxarongelan tokirik ez apenas... Lehen, ebakuntza mota hori ospitale publikoetan egiten zenean, egun bat edo bi igaro behar izaten zuen bertan gaixoak kontrolpean egon arte. Baina klinika zikin eta narras horretan anestesia botatzeko lehen txizaren ostean bidali gintuzten etxera, «si sangra mucho, nos llama» esanda. Horixe da osasun zerbitzu eraginkor eta lehiakorra, gutxi batzuen poltsikorako, jakina. Eskerrak ez zen ezer gertatu, bestela baliteke horren errua norberarena izatea «mucho» edo «poco» zer den ez jakiteagatik.
AEBetan osasun sistema «konpetitibo» eta «eraginkorra» dute, hau da, guztiz pribatua. Horrexegatik ume gehien hiltzen diren bigarren herrialde industrializatua da, Letoniaren atzetik. Zein da benetako arduragabekeria?