GARA > Idatzia > > Euskal Herria

KRONIKA «Bera», izen ofizial eta bakarra

«Bide batez, `Bera' esatean `a'-n jarri behar da indarra, ez `e'-n»

Orain hilabete eskas iritsi zitzaien epaia. Aurrerantzean «Bera» izango da herriak izango duen izen ofizial eta bakarra. Oraindik ere «Bidasoa»k herrian presente jarraitzen du, bertako ibaiak eta herria zeharkatzen duen kaleak ez baitute alferrik izen hori. Aurrerantzean baina, ez da errepideetako kartelik margotu behar izango: «Bera» agertuko da soilik, jatorrizko izena, herritarrena.

p014_f01.jpg

Maider EIZMENDI

Oraindik ere goiz da inolako aldaketarik sumatzeko. Horregatik herrira sartu eta ohiko izendapen bikoitzeko kartelekin egiten dugu topo. Hain arrotz eta inposatu sentitu duten Vera de Bidasoa izena betiko legez agertzen da, pintura zuriz estalita. Herritarrak izan dira izan ere, instituzio eta auzitegien aurretik, herriaren izenari zor zaiona aitortu dioten lehenak. Orain baina, arrazoi dutela onartu diete epaitegiek eta berandu baino lehen Bera izena duten kartelak jarri beharko dituzte errepide bazterretan.

Ez da atzokoa, Bortzirietako Euskara teknikari Urko Ikardok gogora ekarri zuenez, herriaren izendapenaren inguruko eskakizuna, baina 2006an eman ziren pauso eraginkorrak bide horretan, herriak Nafarroa Oinez jaia hartzea zegokiola baliatuta, Euskaltzaindiari txostena eskatu baitzioten. Horren ondotik etorri zen Berako Udaleko Osoko Bilkurak izen ofiziala aldatzeko erabakia. «'Bera' izango zen aurrerantzean izen ofizial bakarra». Herriaren erabakiaren aurka, ordea, Nafarroako Gobernuak ez zuen izen aldaketa onartu. Handik beraz, auzia epaitegietara bideratu zen, Nafarroako Auzitegi Nagusira.

Unai Iturrioz abokatuak aditzera eman duenez, epaiaren aurka ezin da helegiterik jarri, «baina horrek ez du esan nahi Nafarroako Gobernua saiatuko ez denik». Epaia betetzearen inguruan Iturriozek aipatu du, Gobernuak orain epe bat duela borondatez jarduteko, baina behar diren neurriak abian jartzen ez baditu, epaitegietara jo daitekeela erabakia bete dezaten eskatzeko.

Edonola ere, auzitegia argiro mintzatu da. Goratu egin du Berako Udalak aurkeztutako dokumentazio andana eta erabili dituzten argudio guztiak berretsi ditu.

Besteren artean, beste herri batzuen kasuak ere baliatu ditu hartutako erabakia arrazoitzeko. Esaterako, izenaren inguruko auzia izan du Urrotz-ek ere. Garai batean Urroz de Santesteban zen Nafarroako herriaren izen ofiziala, baina 1989ko dekretu baten ondotik, Urrotz izendatu zuten, eranskina kenduta. Berari, ostera, ez zioten aldaketa hori aitortu. Vera de Bidasoa izendapen arrotza eta kanpotik ezarria zela gogora ekarri zuten agerraldian: «Mendeetan `Bera' soilik izan zen herriaren izendapena; baina Espainian erdal grafian `Vera' izena zuten herriak bereizteko aldaketa inposatu zuten: `Vera' izena Almerian dagoen herriarentzat utzi zuten eta `Vera de Bidasoa' sortu».

Iosu Irazoki Berako alkateak bide luze honetan parte hartu duten herritar eta langile guztien ahalegina eskertu nahi izan zuen, asko izen eta abizenez aipatuaz, eta ohore gisa jo zuen bera alkate dela herriari dagokion izena ofizialki ezagutaraztea. Baina okasioari probetxua atera nahi izan zion eta ohartarazpena ere egin zuen: «Bide batez, esan, `Bera' esatean `a'-n jarri behar dela indarra eta ez `e'-n». Guztia txukun eta argi gera dadin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo