GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskal Herria jaietan

Jaien egun handia hartuko dute trintxerpearrek suziriaren ondotik

Sanpedroen eta sanferminen ostean, karmenak datoz, besteren artean trintxerpearrek ospatzen dituzten jai egunak. Hurrengo igandera arteko jai hauetan ekitaldien ugaritasuna nabarmentzen da, haur, gazte eta helduek goza dezaten ekitaldi anitz antolatu baitituzte. Egunez jolasak izango dira nagusi, eta iluntze aldera mota askotako kontzertuekin dantzatzeko aukera izango da.

Oihane LARRETXEA |

Egunak ekitaldiz josita datoz, eta jendeak parte har dezan gonbita egina dago. Igandera arte iraungo dute festek Trintxerpen eta amaitu artean hamaika gauza egiteko aukera eskaintzen du aurtengo edizioak.

Gaurko egitarauko ekitaldien artean, nabarmentzekoa patata tortilla txapelketa. Lehiaketa arratsaldeko zortzietan egingo da Gernika plazan. Gaurkoarekin ekimen hau antolatzen den bigarren aldia da, izan ere, Trintxerpeko alkateorde Alvaro Riconek nabarmendu duenez, iragan urtean arrakasta handia izan zuen.

Gastronomia lehiaketa honetan parte hartzeko adin mugarik ez dagoenez, nahi duen edonork aurkez dezake bere tortilla. Egiteko orduan kontuan hartu beharrekoak izango dira osagaiak, izan ere, patata eta arrautzaz gain, tipula eta piperra soilik onartuko dira. Beste osagairen bat erabiltzen duenak ezingo du parte hartu, beraz, tortilla beteak, esaterako, ez dira onartuko, lehiaketako arauetan bildu denez. Hauek guztiak bildutakoan, epaimahaiaren txanda izango da dastatu eta irabazleak nortzuk diren erabakitzeko. Udal ordezkariak azaldu duenez, aurreko urteko irabazleak eta herriko tabernariek osatuko dute epaimahaia.

Guztira hiru tortilla aukeratuko dituzte, baina gainerakoak dastatzeko aukera izango dute herritarrek, tortilla pintxoak egingo baitira.

Ez da urdaila gozatzeko aukera emango duen ekitaldi bakarra izango, sagardotegiko menuaz edota sardina jateaz gozatzeko parada ere izango baita; nahikoa izan ez duenarentzat, berriz, bakailao afaria egingo dute larunbatean.

Gainerakoan, adin tarte guztientzako ekintzak antolatu direla nabarmentzen da egitarauan. Haurrek ondo baino hobeto pasa dezaten, jolas eta tailer anitz prestatu dituzte. Besteak beste, marrazki lehiaketa, kale antzerkia, buruhandiak eta larunbat goizean eskainiko den txokolate jana. Azken hau gaupasaz daudenek ere hartu ahal izango dute eguna indarberrituta hasteko.

Haurrek musikaz goza dezaten txiki disko-festa bat antolatu da bihar arratsalderako Gernika plazan. Eta azken egunean umeek salto eta salto ibiltzeko aukera izango dute koltxoneta handiak jarriko baitira Andonaegi zelaian.

Musika aukera zabala

Ez dira etxeko txikienak festetan gozatuko duten bakarrak. Gazteek ere beren lekua izango dute egun hauetan, batez ere gauero izango diren kontzertuekin gorputza astintzeko. Oso bestelako musikak entzungo dira Trintxerpen. Mexikoko mariachiak, Jamaikako doinuak edota gaur bertan kaleak zeharkatuko dituen batukada erritmo biziak.

Kanpoko erritmoez gain, Euskal Herritik bertatik datozen hainbat taldek ere joko dute. Besteak beste, The Zepo hernaniarrak, Bisai eta Ze-esatek taldeak arituko dira bihar Gudarien plazan. Larunbat gauean ere rocka nagusituko da Ipar Haizea, Hira eta Sutura taldeen eskutik.

omenaldia

Udalak Trintxerpeko Xabier Etxaniz idazlea omenduko du bere ibilbideagatik. Herriko jai egunak aprobetxatuko dituzte idazleari esker ona adierazteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo