GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskal Herria jaietan

Markina-Xemeingo jaietako egitaraua, denontzat aproposa

Aurreko astetik herri osoa prest da Karmen jaietarako, hainbat kirol-joko eta kontzertu izan baitituzte dagoeneko. Atzoko txupinazoarekin hasi zen, baina, benetako jaia. Xemein Astialdi Taldeko kideak izan dira pregoilariak, eta markinarrei eta xemeindarrei eskerrak eman zizkieten hunkituta. Astebururako ondo pasatzeko hainbat jarduera daude iragarrita.

p018_f01_111x111.jpg

Haizea AMEZAGA |

Markina-Xemeingo herritarrek Karmen jaiak ospatuko dituzte gaur hasi eta igandera arte. Karmenetan ezin dira Jai-Alaiko neurketak falta, ezta herri bazkari jendetsuak ere, eta are gutxiago, herriko pertsonaia mitologiaren, Alarabiren, agerpena.

Jaiak berez hasi aurretik ere, pasa den astetik, Bizkaiko herribilduak hasiak zituen herriko festetako ospakizunak. Asteburu osoa kirola egiten pasatu zuten: profesionalen zesta-punta txapelketak, txirrindulari lasterketa, krosa, plater tiroketa. Sariak ere ez dira nolanahikoak banatu, plater tiroketan, esaterako, 1.800 euro izan zituzten, saritan, edonorengan interesa sortzeko lez. Atletismorako egun bat ere antolatu zuten, jaietarako beroketa moduan. Bestalde, izan dute kontzerturik eta bestelako jarduerarik ere.

Atzokoa izan zen jaien hasiera ofiziala, Goiko Portalean egin zuten ekitaldia, udaletxearen aurrean. Arratsaldeko sei eta erdiak inguru, eta pregoia emateko ohorea Xemein Astialdi Taldeak (XAT) izan zuen. Taldeak apirilean ospatu zuen 30. urteurrena, herria kanpin erraldoi bihurtuz. Kanpatzearen egin beharrekoak eta guzti bete zituzten asteburu hartan, adibidez herri-kirolak, gaubeilak eta harrikoa eginez. Taldeak hogeita hamar urte darama umeei irribarrea eraginez. Urtean zehar, asteburuetan biltzen dira bi asterik behin, jokoak, eskulanak eta mendi-irteerak egiteko. Gainera, urtero antolatzen dute hamabost eguneko kanpaldia, Nafarroa edo Arabako herri batean, eta bi aste barru dira hara abiatzekotan. Irteera egiteko beharrezko guztia prest dute jadanik, hala, karmenetan ahalik eta gehien gozatu ahal izateko.

Gaur, Karmen eguna, goiz hasiko da kalejira. Goizeko bederatzi eta erdiak inguruan zabalduko dira herrian txistuaren doinuak. Ordubete geroago, Markina-Xemeingo bandak kalejiraren lekukoa hartuko du poztasuna eta jaietarako gogoari goian eutsiz.

Bestalde, hamaiketako meza egingo da Karmengo elizan, eta Udalbatza bertan izango da. Gainera, Xemein Abesbatzak abestuko du elizkizunean. Eguerdian, herriko musika bandak atseden hartzen duen bitartean, udaletxearen aurrean aurreskua dantzatuko da. Hamabi eta erdietan, plaza berean, musikariek berriro ekingo diote lanari, «Fantasia Vasca nº 2» eta «West Side Story» doinuak eskainiz.

Musikak jarrai dezan

Musikak jarraituko du arratsaldeko bostak arte, Markina-Xemeingo musika eskolako kideak ibiliko baitira herriko kaleetan zehar txistu eta trikitixa doinuak zabaltzen. Bostetan, berriz, herri kirolak hasiko dira. Antolatutako probak aizkolariak, harri-jasotzaileak eta orga-jokoa dira eta sail bakoitzeko Euskadiko txapeldunek ere parte hartuko dute. Zesta-punta partidarik ez da faltako, jakina. Jokalari profesionalak arituko dira nor baino nor udal pilotalekuan, «Universidad de la Pelota» ezagunean.

Uhagon kulturgunean bertso saioa izango Jon Maia, Sebastian Lizaso, Mañukorta eta Gorka Ostolaza bertsolariekin. Iluntzean, Kubako musikarekin berotuko da giroa, Desboson talderekin, herriko jaiei beste bultzada bat emanez. Zazpikote honek Kubako abesti klasikoak abestuko dituzte, hala nola: son eta boleroak.

Jaiei amaiera emateko, markinarrek Alarabi agurtzen dute urtero. Pertsonaia mitologiko horrek, kondairak dioenez, begi bakarra eta hanka bakarra zituen. Gainera, gizajalea ere bazen. Nolanahi ere, jaien azken egunean, Tartalo itxurako panpina herriko Zelaira ekartzen dute herritarrek, eta lastargiak eramanez su ematen diote Karmen jaiei hurrengo urtera arte agur esanez. Aurreko urteetan bezala, Hau Dok Hau musika taldearen eskutik etorriko da jai amaierako emanaldia.

30 urtez irribarrez

Markina-Xemeinen gutxienez bi belaunaldi hazi izan dira astialdi taldean parte hartzen. Zortzi urterekin ikasle moduan hasi, eta hamazortzi urte izatean begirale lanean laguntzen dute kideek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo