GARA > Idatzia > > Ekonomia

ELAk salatu du Lakuak bat egiten duela patronalarekin langileek krisia ordaintzeko

Mila lagunetik gora bildu ziren atzo, ELAk deituta, Lakuako Gobernuaren egoitzan. Bertan, Adolfo Muñozek adierazi zuen instituzioek eta patronalak bat egiten dutela langileei krisiaren zorra ordainarazteko.

GARA |

Lakuako Gobernuak eta patronalak bat egiten dute krisiak eragindako «egokitzea» langileriak ordain dezan. Horixe adierazi zuen atzo ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozek, exekutibo autonomikoaren egoitzaren aurrean bildutako sindikatuko kideen aurrean. Orotara, mila lagun baino gehiago bildu ziren Gasteizko hiribidean zehar egindako manifestazioan eta ondorengo ekitaldian. Mobilizazioaren xedea, Enplegu eta Gizarte Gaietarako Departamentuak lan-auzietan darabilen jarrera salatzea.

Muñozek heldu den astelehenean aurrekontu politika eta gastuaren murrizketa hitzartzeko Lakuak deitutako bilera izan zuen hizpide, eta argitu zuen badaudela gauza batzuk «aldatu nahi» ez direnak. «Zerga-politika aldatzen ez bada, zorra langileok ordaindu behar izango dugu» salatu zuen, eta gogora ekarri zuen azken urteetan Sozietateen gaineko Zerga murriztu egin dutela, Ondasunaren gaineko Zerga desagerrarazi dutela, eta Errentaren Gaineko Zergan ere irabazi handiak dituztenen aldeko aldaketak egin dituztela.

Ildo horretatik, Muñozek azaldu zuen instituzioen diru-sarrerak gutxitu izana zerga-politikan enpresei egindako «opari» horien eraginez izan dela. «Bitartean -gaineratu zuen-, Gobernu zentralak zorra sortzen du espekulatzaileei dirua helarazteko».

Horiek horrela, ELAko buruak «aberatsei aurre egin» diezaieten galdegin zien Madrileko eta Lakuako Gobernuei, eta nabarmendu zuen honen gainean ez dela berba egiten bi instituzio hauek bultzatzen dituzten elkarrizketa mahaietan.

Patxi Lopez lehendakariak martxan jarritako elkarrizketa bereziki kritikatu zuen Muñozek, eta bertan bildutako lagunei eskatu zien gogoan izan ditzatela Lakuako Gobernuko agintariak azken hilabetean enpresariekin eta aurrezki kutxetako buruekin «irribarretsu» egindako argazkiak.

Arabako mahaira ere ez doa

Gasteizen egindako ekitaldian, ELAko idazkari nagusiak iragarri zuen sindikatu honek ez duela parte hartuko Arabako Foru Aldundiak krisiari aurre egiteko antolatutako foro sozialean. Aipatu foroa Xabier Agirre ahaldun nagusiak jarri du martxan, eta azken asteetan bilerak egin ditu, eta UGT eta CCOO sindikatuek parte hartu dute bertan. ELAren aburuz, «argazkia» baino ez dute bilatzen, ordea, eta beraiek ez diete «argazki hori emango».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo