Bizkaiko Txapelketa
Azken luzean erabaki du Kaikuk herrialdeko titulua
Sestaoarrek 1992an lortu zuten azkenekoz Bizkaiko txapeldun izatea.
GARA | BILBO
Urdaibai eta Kaiku. Kaiku eta Urdaibai. Bi horiek ziren Bizkaiko Traineru Txapelketa irabazteko faborito argiak eta elkarren arteko borroka benetan ikusgarria izan zen Zierbenako uretan jokatutako estropadan. Hirugarren ziabogara arte pare-parean ibili ziren biak, baina azken luzean sekulako aldeak ireki zituen Sestaoko «Bizkaitarra»k. Urdaibairi kendutako 13 segundoek ez dute inolaz ere islatzen uretan ikusitakoa.
Modu horretan, Kaikuk amaiera eman zion Urdaibaik azken urteetan erakutsitako nagusitasunari -azken hamar ekitaldietatik zazpi Bermeokoentzat izan dira-, eta sestaoarrek euren alde apurtu dute tituluei dagokienez bien artean zegoen zazpi garaipeneko berdinketa. Gainera, Kaikuk hamazazpi urtetako lehorteari agur esan dio, Bizkaiko Txapelketa 1992an irabazia baitzuen azkeneko aldiz.
Kaikuren garaipena ulertzeko, arraunlari propioen kupoa aipatu beharra dago. San Miguel Ligan, Jose Luis Kortak ezin izaten ditu azken bi urteetako fitxaketa guztiak batera ipini -Urdaibairen atzetik gelditu da orain arteko lau estropadetan-, baina ligaz kanpoko lehiaketetan edozein arraunlari sar daiteke. San Inazio egunean jokatuko den Euskadiko Txapelketara begira, beraz, oso kontuan hartu beharko da Sestaoko trainerua.
Santurtzi, Deustu eta Getxo aipatu daitezke, bakoitza bere mailan, «beste irabazle» gisa, lan oso ona eginda.