GARA > Idatzia > > Kultura

Lekeitiok argi berezia eman du kale ikuskizunen itsasoan

Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerkiaren 20. urteurreneko jaialdiaren ardatz bihurtu zen sua. Behin amaituta, oso balorazio positiboa egin dute arduradunek. Urteak pasa arren, edo pasatzearen poderioz, jaialdiak jarraitzen du publikoa biltzen eta erreferente izaten.

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Itakarantz abiatzen den bidaia bezalakoa dela esanez deskribatu dute antolatzaileek aurtengo Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia. «Itaka uhartea, utopia uhartea», eta haren bila Lekeitiotik irten zirela aitortu dute. Baina, uhartea metafora gisa erabiltzean esan ohi den bezala, bidaia bera da esanguratsua, eta hein horretan, jaialdiak hartu dituen hiru egunak izan dira kale antzerkiaren bidaia honen oinarria eta helburua.

Oso harrera ona izan dutela ziurtatu du jaialdiaren zuzendariak, Imanol Agirrek. Esate baterako, Scura Splats taldearen «Correfoc» ikuskizunerako, 7.000 lagun bildu ziren. Agirreren hitzetan, «emanaldi batean inoiz izan dugun publikorik handiena izan da». Sua izan da, hain zuzen ere, aurtengo edizioko elementu nagusia. Karnavires taldearen «Odysseus» ikuskizun «harrigarria» ere nabarmendu dute arduradunek. Horrez gain, Agirrek Zanguango eta Gaitzerdiren antzezlanen kalitatea ere goraipatu du: «Lehenengoak antzerki musikalaren bidetik gizarte kritika zorrotza kaleratzen du». Bestetik, Gaitzerdi taldeak irudi sorkuntzarako gaitasun aparta duela erakusten du «Otsoko» lanak, antolatzaileen esanetan.

Bizitako giroa dela-eta, atzera begiratu eta pozik direla esan du Agirrek. Aurten, kanpotik bertaratutako jende gehiago izan dela esan du, «mugimendu nabarmena zegoen». Guztira 20.000 bat ikusle izan direla ziurtatu dute antolatzaileek.

Orain dela 20 urte hasi ziren Lekeitiokoak, eta garaian gisa honetako jaialdien aldeko apustua egiten bakarrenetakoak ziren. Egun, herri askotan izaten dira halako ekimenak eta hori Agirreren aburuz «egoera askoz hobeto» dagoen isla da. Hurrengo urtean arduradunak zeintzuk izango diren ezin ziurtatu arren, kale antzerkia Lekeitiora itzuliko dela iragarri du Imanolek.

CLOWN

Salitre clown taldeak «zapore bizi gozoa» utzi duela esan dute. Magiaren hariari jarraitzen dion «On egin mon amour» ikuskizunarekin, clown garaikidearen osagai garrantzitsuenak menderatzen dituztela esan dute antolatzaileek.

HAUR ANTZERKIA

Haurrei begirako antzezlanen artean, «bi lan on plazaratu» direla ziurtatu dute. Eidabe taldeak «animazioaren maisua» dela beste behin ere argi erakutsi duela, eta Scura Splatsen ipuinak «arreta osoa bereganatu» zuela esan dute balorazioan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo