GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Amagoia Mujika Kazetaria

Histerikoegiak bihurtu baino lehen

Badira arriskua maite dutenak. Nik, nahiago segurutik joan. Ez naiz arriskua bazter guztietan ikusten duen histerikoa, baina lasaitu egiten naute arriskua gutxitzeko neurriek. Zoru biguna duten parkeak; tapatuta dauden entxufeak; soroslez betetako igerilekuak...

Sanferminetan izan naiz eta ez nago lasai. Eromenaren zurrunbiloan, arrisku gehiegi ikusi dut guretzat, emakumeontzat. Zergatik jarri naiz urduri Iruñeko kaleetan barna bi tipo denbora batez atzetik sumatu ditudanean? Zergatik pentsatu dut parke bakarti bat zeharkatzean `eskerrak ez naizen bakarrik etorri'? Zergatik iruditu zait hain babesgabea portal batean mozkortuta ikusi dudan neska hori? Ez naizela histerikoa esan dut, baina, akaso banaiz? Akaso ez dago hainbeste arriskurik?

Emakumeok festara ondo pasatzera joateko dugun eskubidea aldarrikatu nahi dut. Gauez kalean bakarrik ibiltzeko dugun eskubidea aldarrikatu nahi dut. Mozkortuta ere lasai ibiltzeko daukagun eskubidea aldarrikatu nahi dut. Beldurra ez sentitzeko daukagun eskubidea aldarrikatu nahi dut. Eta hemen ari naiz, tonto-tonto, eskubideak bata-bestearen atzean aldarrikatzen, paper hau Olentzerori idazten zaion gutuna izango balitz bezala.

Izan ere, histeriko samarra ez ezik, inuzentea ere izango naiz agian. Arriskua dagoen parkeetan zoru biguna jartzen duten moduan, emakumeentzat arriskutsua den gizartean ere neurriren bat espero dut. Eta ez naiz ari poliziez edo kamerez. Begiratzeko moduak eta tratatzeko moduak aldatu behar dira. Egia da zoru biguneko parkeetan ere hartzen direla koskorreko galantak, baina ez dadila izan zoru egokia ez dugulako jarri. Bada garaia, histerikoegiak bihurtu baino lehen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo