GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Sangutxu asteburuan ere auzoko jaietan hara eta hona ibiliko da giroa alaitzen

Sagutxoa, auzoko maskota, joan den asteburuaz geroztik zulotik atera eta jaietan dabil. Zapi koadroduna lepoan, koadrilen artean ez nabarmentzeko, Santutxuko jaietara hurbildu eta ederki pasatzen ari da.

Haizea AMEZAGA |

Santutxuko jaiak jendetsu hasi dira eta aste honetan ere jende asko espero da. Gaur goizeko bederatziak baino lehen Santutxuko txistularien ardura izango da herritarrak esnatzea. Gazteek bazkaria prestatuko dute Basarraten eta Bizkaiko Tiragoma Elkarteak bazkalosterako txapelketa antolatu du.

Arratsaldean perretxiko erakusketa izango da Karmelo kalean Cantharelus mikologia elkartearen eskutik. Xake eta futbito txapelketak ere izango dira. Emakume ugarik eman dute izena futbito taldeetan; aurrerantzean Athletic-eko entrenatzaileak Santutxura etorri beharko du neska taldea osatzeko. Txikienei dagokienez, Modisto deituriko ur-zezena herrian barrena ibiliko da haurrei ura jaurtitzen. Korrikaldien ondoren puzgarriekin gozatzeko aukera izango dute Karmelo kalean eta indarra berreskuratzeko txokolate jana ere bai.

Kirola egin ondotik, txerri burruntzia egingo da Arsuaga plazan guztion aho gozagarri eta geroxeago, lehendabiziko aldiz, garagardo estropada eta saltxitxa alemaniarren dastatzea egingo dute Iturriaga kalean, taldeak play-back txapelketan parte hartzera anima daitezen.

Gaueko kontzertua The Sparteens emango du eta ikuskizuna ziurtatuta dago antza, talde honek twist lehiaketa antolatu baitu parrandazale guztiek parte har dezaten. Txapelketan banaka, binaka edota taldeka dantzatu daiteke. «Pulp Fiction» filma gogoratuz eta zenbakia bizkarrean jarrita gorputza ederki astinduko du hainbatek. Egarria baretzeko bederatzi txosna jarri dituzte Santutxuko Basarrate plazan, kontzertuaren agertoki aurrean.

Bihar berriz, esku-pilotako finalistak zeintzuk diren jakin ondoren, giroa eta sabela alaitzeko, bertsoak, sagardoa eta pintxoak izango dira, bai eta harri-zulatzaileen arteko norgehiagoka deigarria ere.

Gauean, Basarraten, Kasu!, MAK eta Ekon euskal taldeek alaituko dute festa giroa.

argazki lehiaketa

Gaur jaietako argazki txapelketan parte hartzeko azkenengo eguna da. Edonork aurkez ditzake Santutxuko jaietan egindako argazkiak. CD batean, formatu digitalean, Jai Batzordearen txosnan utzi behar dira.

kalejira

Gaur, iluntzeko bederatzietan, kalejira abaituko da Basarratetik, «Abiadura Handiko Trenari stop» lelopean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo