Hitz egiteko eskaintza betiko ez dela esan dio Hillary Clintonek Irani
GARA |
Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkari Hillary Clintonek Iranekin hitz egiteko prest daudela berretsi bazuen ere, eskaintza ez dela betiko ohartarazi zuen atzo.
«Iranekin harremanetan jartzeko prest jarraitzen dugu, baina orain da horretarako garaia. Hitz egiteko aukerak epe bat du», adierazi zuen.
Irango hauteskundeen ostean izan ziren manifestazioen kontra egin izana «onartezina eta deitoragarria» dela esan zuen, eta Islamiar Errepublikan aldaketaren bat eragiteko biderik onena elkarrizketa dela gaineratu zuen.
G8koen goi-bilkuran, Barack Obama presidenteak mehatxu bera egin zion Teherani. Irailean, Pittsburghen egingo den bilkuran G20koek Iranen jarrera berraztertuko dutela esan zuen.