GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

Bide azkar, seguru eta eraginkorrena borroka da

Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak behin betiko ehortzi du azken hamar urteetan Nafarroa Behereko biztanleria bahiturik izan duen egitasmoa. Hamarkada luze bat behar izan du bere egoitza Pauen duen erakundeak, euskal herritarrek lehenik eta beraien bultzadapean hautetsi gehienek, aspaldi errefusatu zuten autobidearen proiektua era ofizialean baztertzeko.

AHT trenbide berria eratzeko egun erabiltzen dituzten argudio ekonomikoen tankerakoak erabili zituzten bere garaian Lasserre eta Aguerre agintariek bide azkarra defendatzeko. 2x2 ezinbestekotzat jo zuten, Biarnoko eta Iparraldeko buruzagiek, baita Iruñeko Gobernuko buru Miguel Sanzek ere.

Bide azkarraren egitasmoa indartzeko kartak eta estatistikak ez ziren falta. Garapen ekonomikoaren gakoa, irudiz, abiaduran datza soilik. Alta, urratsez urrats, Leia elkartearen ondoan, euskal gizarteak bide eraginkorrak nahiago dituela utzi du agerian. Herrien artean loturak sortzeko bide onena jende artean elkartasun hariak jostea dela aski frogatu du, berriro ere, herri mugimenduak.

Pirinioen bi aldeetako bailaretan bizi diren herritarrek mamu ilunari beldurrez begiratu diote betidanik. Hastapenean, horri aurre egiteko nahikoa indar ez zutela pentsatu zuten. Izan ere, herri tipietako jendeak bere nahikeria aitzina eramateko gaitasun nahikoa baduela erakutsi du, tipien kexa ere guztion ardura dela erakutsiz.

2007tik hilzorian zen egitasmoari heriotza agiria eman diote oraingoan. Luze jo du lur-emateak, baina heldu da eguna. Inor gutxik erraten dio adio hildakoari begiak bustita... nahikoa izerdi bota behar izan da-eta hura hilobian sartzeko!

Pausatu den proiektua edo beste gisako bat berpizteko arriskurik ba ote da? Bi urte eman dituzte galderari ezezkoa eman nahi eta ezin Pirinioak bizirik nahi dituzten nafarrek. Bi urtez autoen neurketak zirelarik, mesfidati, bi urtez politikariek hitzari atxikitzen zioten beha. Zuhurtziaz jokatzea komeni bada ere, azkenik baietz erran diote nafar arima kez ito nahi zuen egitasmoari. Bihar, agian, baten batek herritarren nahia betetzeko zergatik xahutu duten hainbeste denbora eta sos galdeginen du. Bihar, bihar... gaur borrokaren garaipena ospatzeko eguna da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo