Julen MURGOITIO
Garapen jazzangarria
Erraz esaten da, bai, baina ez da samurra gero! berrogei urte pasatu dira ordutik hona. Egunotan bete da urteurrena, gizonezkoak ilargia zapaldu zueneko harena. Bai, gizonezkoa izan zen, gizonezkoak baino ez zituztelako hara bialdu, emakumezkoek garbitutako espazio-ontzian. Gogoan dut une hura, estatubatuarrak eskailera jaitsi eta dzast! oihal izarduna hango lurrean inkatuta hemengo Lurraren klimari aldatzen hasteko motiboa eman zionean. Hori bai kolpea! ilargira joan lurreko izarrak eramaten! Islamaren aitzakiarik gabeko inbasioa izan zen hura, petrolioarenik gabekoa ere. Une hartantxe hil zen hango argia. Lasaitasunaren Itsasoan hartu omen zuen ilargia astronautak. Hori behintzat guri kontatua. Kontatu ez zigutena da itsaso hura pateraz betea zegoela zegoeneko, eta antxoaz hustua. Kontuak atera zer lasaitasun eta lasaitasun oste zen balizko itsaso harena!. Tira, harira! 40 urte eta gero hau!. Zenbat gauza ez ote diren aldatu orduz geroztik! Horra kasurako, lehengoan Arkauteko horiek Aeroespazial Klusterraren erakusketa dotore batera sartu eta dinbi-danba horma-irudiraino ailegatuta dzast! errotik kendu zutenean ilargiratze unea islatzen zuen argazkia, bertan ageri zen tipoak burua estalita zeraman argudiopean. Eskerrak haiengana jo zuela, transbertsalki jo ere, jakina, Energia Klusterraren lehendakari hautatu berriak, jelkideen buru izana, erakusketaren nondik norakoa argitze aldera, bestela txikitu egingo zuketen erakusketan erakusten zen guztia, prebentiboan. 40 urte eta gero hau! militarrak nonahi, Gorbeia puntan, Gernikako batzar-etxean, Gasteizeko Legebiltzarrean edo Donostiako kaleetan izan, nonahi, koarteletan ere!. Gure ekosistemetan desagertzeko zorian zen espeziea guztiz berrindartuta ageri zaigu, bere oihaltzarpean beti ere, ezagunak ditugun bestelako espezie inbaditzaileak bazter utzi dituela. Ea modako gripeak hartzen dituen! Denak batera hartu ere, behingoz!. 40 urte eta gero hau! Jazza ere nonahi egunotan. Bat-batekotasuna nagusi ei duen musika-moldea. Jaurlaritzaren garapen jazzangarria etorri zait burura, bat-batekoa oinarri. Metroa hemen, dekametroa hor, hektometroa hemen. Bostehun metroko kilometroak salgai. Eta Hondarribia honda-berria bihurtuta, hezegunerik onena siku dagoena baita, hemen izan edo ilargian izan, sozialistek esan edo jelkideek esan. Esankide dira eta!. Horiexena bai alardea!. Hori ere jazzan behar!