GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Jose Ramon Etxebarria Irakaslea

Aspaldi galdu nuen epaileenganako sinesmena

Garai gogorrak dira gaur egungoak, parabola bidez mintzatu beharrekoak. Horrelaxe nabil oraingoan, bere kabuz zerbait pentsatzen duen jendeak ulertuko duelakoan eta bere ondorio propioak aterako dituelakoan

Anekdota polit bat irakurri nuen aspaldi. Albert Einstein lehen aldiz New Yorkera iristekoa zela-eta bertan erlatibitatearen teoriari buruzko hitzaldi bat emateko, izen handiko ehun bat filosofo, zientzialari eta jakintsu iparramerikarrek agiri bat sinatu zuten erlatibitatearen teoriaren aurka, hango ideiak gaitzetsiz eta, bide batez, «zoramen» haren egilea desautorizatzeko asmoz. Portura iritsi zenean, kazetari bat hurbildu zitzaion, galdetuz ea Ameriketako jakintsuenetakoen iritziak zer pentsaturik ematen zion, alegia, ea agiri hark kezkatzen ote zuen. Lasai erantzun zion, labur baina zorrotz, gutxi gorabehera esanez bere kezka ez zela ehun jakintsuk erlatibitatearen teoria oker zegoela esatea, bakar batek arrazoia izatea baizik. Ez dakit benetan horrela gertatu zen, baina horrela iritsi zaigu kontakizuna; italiarrek esaten duten bezala, «se non e vero e ben trovato», hots, egia ez bada ere, ondo asmatuta dago.

Anekdota hori etorri zitzaidan burura Estrasburgoko sententziaren berri izan nuenean. Europako jakintsuenetakoak ei diren zazpi epailek, aho batez, ilegalak garela gogorarazi digute, edo beste hitz batzuekin esanda, ongi merezia dugula eskubide politikorik gabeko apartheida.

Beti harritu nau «goi-mailako» epaitegietako epaileek arazo politikoei buruzko erabakietan agertu ohi duten ahobatezkotasunak. Are gehiago, haiengana justizia eske joan direnek aldez aurretik hainbeste oztopo gainditu behar izan dituztenean, gaia azter dezaten lortzeko. Zeren behin eta berriro nabarmendu baitigute oso eskari gutxi onartzen dituztela aztergaitzat; onarturiko eskariak oinarri sendo eta nabariak zituen seinale! Gauzak horrela, nola da posible eskariaren aurkako erabakia aho batez hartzea? Zazpi epaileen artean ez al dago inor arrazoi nabari horiek aintzat hartzen dituenik? Giza eskubideen defentsarako epaitegiko epaileek giza eskubideak ukatzea, aho batez? Nola liteke giza eskubide horiek deuseztatzeko justifikazio gisa aho batez, gainera «nahitaezko premia soziala» argudiatzea? Nola nahi dute, bada, epaileenganako sinesmena izatea?

Nik neuk aspaldi galdu nuen epaileenganako sinesmena. Itxuraz bederen, politikarekin zerikusia ez zuen gai batengatik galdu nuen. Esango dut nola. Gaztetxoa nintzen orduan, eta futboleko arbitro batek zabaldu zizkidan begiak; hura ere epailea, ahalguztiduna. Garai hartan oso futbolzalea nintzen. Gogoan dut Athleticeko jubenilek sekulako maila zutela eta nagusi zirela estatu osoan. Halako batean Real Madrid ospetsuarekin batera iritsi ziren finalera. Ez naiz gogoratzen zein urte zen, ezta azken emaitza zein izan zen ere, baina dakidana da arbitroak futbolaren lege zuzenaren aurka oparituriko gol bati esker nagusitu zirela madrildarrak (gol bakarra izan zela uste dut). Telebistaz ikusi ahal izan genuen partida, eta kontua da, atetik sartu gabeko «gola» ikusi genuela guztiok, argi eta garbi. Izan ere, sareak zulo bat zeukan hegalean, eta handik sartu zen baloia, zelaiaren kanpoaldetik zuzenean, mobiolaren laguntzaz behin eta berriro ikusi ahal izan genuenez. Guztiok ikusi genuen sareko zuloa, guztiok ikusi genuen kanpoaldetik sartu zela; arbitroak ere bai, noski. Jokalariek argiro erakutsi zioten zuloa. Hala ere, engainua zehazki eta zalantza izpirik gabe frogatu arren, ez zen inolako modurik egon emaitza aldatzeko. Hura madrildarrek sartu gabeko «gola» legala zen, arbitroak epai hori erabaki zuelako. Betiko. Niri begiak ireki zizkidan eta argiro ikusi nuen errealitatea sareko zulo hartatik: epaileak dira injustiziak legalki egin ditzaketen bakarrak. Sumatu nuen, gainera, demasia hura posible izateko arrazoi bakarra aurkako taldea madrildarrena izatea zela. Orain bezalatsu. Ala ez?

Garai gogorrak dira gaur egungoak, parabola bidez mintzatu beharrekoak. Horrelaxe nabil oraingoan, bere kabuz zerbait pentsatzen duen jendeak ulertuko duelakoan eta bere ondorio propioak aterako dituelakoan. Horregatik, anekdotatik anekdotara nabilen honetan, antzeko gertaera batekin amaitu nahi nuke.

Beste garai batzuk ziren, duela ia laurehun urte igarotakoak. Galileok ideia arriskugarria zabaldu zuen «Solasaldia Munduko Bi Sistema handienei buruz» izeneko liburuan, Lurra Eguzkiaren inguruko orbitan zebilela esatean; ideia «ilegala» agintarientzat, heretikoa. Ideia ilegal hori zela eta, Inkisizioak indarrean zegoen sistema babesten zuten epaileek osatuta epaitu egin zuen, eta emandako epaian bere ideia ukatzera derrigortu egin zuen, heretikoa zelakoan. Ez dakit horrela izan zen, baina apustu egingo nuke erabaki hura ere aho batez hartu zutela, «nahitaezko premia soziala» zegoela argudiatuta ziur asko ere. Eliza zen orduan premia zuena; orain Estatua da. Hortaz, hura heresia zen; oraingoan, ezker abertzalea ilegala da. Baina gizarteak egiaren premia du beti, eta berak egia esan zuen.

Tradizioak dio bere baieztapena ukatzera behartua izan ondoren, Galileok «eppur si muove» (hala ere, higitu egiten da) esan zuela; isilka, baina. Euskal Herriaren etorkizun independentea aldarrikatzen ari den ezker abertzaleari dagokionez, nik neuk ere berak bezala esan dezadan: eppur si muove. Baina ez isilka, ozen baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo