GARA > Idatzia > Iritzia > Hemeroteka

KAZETA.INFO Aitor Renteria 2009/7/14

Mendi tontorrean

Lainoak Gorbea tontorra estali zuen ekaina bukaeran. PNV-EAJko hamarnaka kidek tontorrerako bidea hartu zuten, ikurriña ororen buru. Aitzineko astean, Espainiako armadak Espainiako bandera erraldoia jarri zuen gurutzean. Gorbeako gurutzea, Euskal Herriaren eta askatasunen defentsan, oroitzapenez eta sentimentuz jantzitako ikurra eta erreferentzia.

Egia erran, uste eta aurriritziak inarrosi zizkidan irudiak. Urkullu mendi tontorrean, erranez Euskadi ez dela Perejil uhartea. Irazuk Donostiako finalean botatako bertsoak gogoratu nituen: «...zauriak ez dira itxi, ta gerra ez da bukatu». Eta harridurarako, argazki haretan agertzen zena Urkullu zen, PNV-EAJko presidentea. Urte luzetan Espainiako ikurra jartzea leporatu dioten alderdia ikurriñaren defentsan, mendi tontorrean, garaiko gudariak bezala.

Ekaitzaren ondoren dator barealdia eta mendi tontorreko lainoa eguzkitan lurrundu ahala, sentsazio ameslariaren gainetik argia hedatuz. Espainiako militarrek mendi tontorrean jarritako bandera espainol bera dago Ajuria Eneako maztan. Bandera bera, Bilboko jaietan egon, egoten eta egonen diren liskarren abiapuntuan. Eta Azkuna jauna ere, Urkulluren alderdi berekoa da.

Helburu handi eta pragmatismo laburraren arteko orekan maisu da PNV. Gorbeako tortorrean erakutsitako haserrearen biharamunean, akordio proposamena eraman zion PSOEri. Gogoratuko du batek bai eta ezak hornitzen zutela Mariren harpea. Lur azalean bederen, bai eta ezak bete izan du, orain artean, PNVren saskia. Mendi puntan erasotzat hartzen dena, ez ote da erasoa ere, Herriko Etxe eta erakunde publikoetan?

Lerro hauek idazterakoan, kolore urdin, gorri eta zuria dira nagusi Ipar Euskal Herriko gune adierazgarri eta Herriko Etxeetan. Uztailaren 14a, Frantziako iraultza. (...) Urtez urte errepikatzen den erretorika, gutxi batzuen marmar isila lekuko. Eta zalantzarik balego, suziriek gaua argituko dute. 16.000 euro xahutuko ditu horretan Miarritzeko Herriko Etxeak. Atxikimendua erakutsi behar da eta horrek prezioa dauka.

Espainiako militarrek Gorbea tontorrean Espainiako bandera jarri zuten egun berean, Frantziako poliziak hamabi pertsona atxilotu zituen Lapurdi eta Nafarroa Beherean. Kasualitatearen itzalak. (...)

Han eta hemen, hemen eta han. Buruko min ugari, herri bakarra izateko. Eta udako eguzkiak beteko ditu hondartzak. Eta urtero bezala, hondartzetara eramanen da presoak Euskal Herrira ekartzeko eskaria. Garai txarrak nonbait, eskatzeko libre uztea eta gatazka konpontzea.

Hedabideetan ere besta giroak zutabe pisuen tokia hartuko du. Udazkena bitartean isilik, ez ditugu entzule irakurleen garun-belarriak akuilatuko. Udazkenako freskurak onddoen usain erakargarriz jantziko ditu mendiak. Mendi tontorretan hasitakoak, menturaz, ziklo berrien iraparpena eginen dutelakoan. Nik bederen udazkeneko onddoen esperantzetan pasatuko dut uda.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo