GARA > Idatzia > Iritzia > Hemeroteka

ARGIA Gorka Bereziartua

Iztietan barrena gauerdian

Ez dago argi, baina antza denez, Paul Weller eta lagunek benetan gertatutako eraso arrazista bat kontatu zuten Down in the tubestation at midnight kantan. All Mod Cons diskoko bigarren singlea izan zen, eta urteekin The Jamen abestirik ezagunenetariko bat bihurtu da; zeharkako zentsura gaindituz bihurtu ere, BBCk hasieran ez baitzuen emititu nahi izan, kanta «kezkagarria» omen.

Lehen pertsonan kontatzen dizute istorioa: gizon bat Londresko metro estazioan behera doa, eta atzetik norbait oihuka, hi, txo, dirurik ba al daukak? «Lehenbizi ukabil bat sentitu nuen, gero ostikoa; haien arnasa usain nezakeen. Pub-etako eta Wormwood Scrubs-eko usaina, eta eskuin muturreko mitin gehiegitakoa». Ustez asiarra da kontalaria. Kantaren bukaeran lurrean dago hebain-hebain eginda (...) . Gauerdia da metro estazioan.

Baten batek galdetuko dit zertarako ekartzen dudan kanta zahar hau orri honetara. Londresko metroko errailetatik gureetara etorri behar dut azalpen bila: Gipuzkoako egunkaririk salduenean -hitzari zentzu bikoitza bilatu nahi dionak ez du nire trabarik izango- «Preocupación en Iztieta» izenburudun artikuluak jo nau, badira bi aste. Emakume bat bortxatzen saiatu ziren Errenteriako auzo horretan. Bai, kezkatzekoa da. Ulertzen dut titularra. Baina sartu naiz barrura eta ez, artikuluak ez dit horretaz hitz egin nahi. Bestelako kontuak nabarmendu ditu kazetariak. Bizilagun bati bozgoragailua eman dio: «Hasta hace poco tiempo, este barrio era muy tranquilo, pero desde que llegaron estos magrebíes, la situación se ha complicado bastante». Bigun esateko, horrelako adierazpenak arrazakeria hutsa dira. (...) Hurrengo egunetan irakurri duzu pogrometik hurbil egon direla Iztietan. Ez dira, seguruena, pub ingelesetatik, eskuin muturreko mitinetatik etorri. Baina The Jamen kantan bezala, hauetako batean etorkinen bat egurtuko dute eta lurrean utziko gauerdian. Ez du asko inportako 1978 edo 2009 izatea, metroaren estazioa ala topoarena, Londres ala Errenteria

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo