GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Irurtzungo Orritz dantza taldeak 20. urteurrena bete du

Irurtzungo Orritz dantza taldeak 20 urte daramatza dantzan. Ehun lagun inguru dira, bai Irurtzungoak eta baita inguruko herrietakoak ere. Euskal Herriko txoko anitzetan ikus ditzakegu. 20. urteurrena dela eta, hainbat ospakizun berezi antolatu dituzte. Urtetan etenik egin gabe aritu den taldea da eta badirudi aurrera egingo duela etorkizun oparoa iragartzen baita. Orritz taldeak euskararen eta kulturaren alde egiten du Irurtzunen eta Nafarroa osoan.

p019_f02.jpg

Izaro ARBILLA |

Orritz dantza taldeak ostiralean erakutsi zuen, Irurtzungo plazan, dantzatzeko duen trebezia. 20 urte daramatza taldeak jardun horretan eta jarraitzeko asmoa dute.

Irurtzungo dantzarien hastapenen inguruko datu zehatzik ez omen da, baina gutxienez 40 urte badira dantza talderen bat sortu zela. Talde hauek sortu eta desagertu egin diren arren, azken 20 urteotan Orritz dantza taldea etenik egin gabe aritu da bai dantzan eta baita taldeak bizirik irauteko lanean. Dena dela, taldekideen ustean, ez dira inoiz aitzindariak ahaztu behar. Guztira 100 lagun inguruk osatzen dute, haur, gazte eta guraso. Urritik ekainera aritzen dira lanean, ostiralero elkartzen dira entseatzeko, Irurtzungo eskoletako gimnasioan. Udan emanaldi gehiago izaten dituztenez, noizean behin elkartzen dira.

Gaztetxoenek eskolaz kanpoko ekintza gisa dute dantza eta taldeko hainbat lagun dira horien irakasle. Aurten 20. urteurrena du Orritz taldeak, hasi zenetik etenik egin gabe, eta bide onean dabil euskara eta kulturaren alde egindako apustuan. Jendeari eta kalitateari dagokionez, ez dute kexarik eta aurrerantzean ere taldeak etorkizun oparoa duela uste dute kideek. Dantzariak ez dira soilik Irurtzungoak, inguruko herrietako jendea ere badago, baita Arakilgoak eta Larraungoak ere. Dantzarako beharrezkoa den material guztia gordetzeko Udalak pisu bat utzi zien eta ongi moldatzen dira alde horretatik.

Ekintza ugari

Beraientzat hain berezia den urteurrena ospatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte. Apirilean, urte hauetan dantzan aritu diren guztien argazkiak biltzen dituen erakusketa prestatu zuten, baita gaur egungo jantziak agertzen dituen beste bat ere, eta oroitzapenen bilduma bat osatu zuten. Maiatzean Nafarroako Dantzari Txiki Eguna ospatu zen Irurtzunen eta milaka lagun elkartu ziren. Urrian egingo dute azken 20 urteotan Orritz taldean dantzan aritu diren dantzari guztien bazkaria.

Aurtengo festetan ostiralean plazan aritu ziren dantzan, erraldoi eta buruhandien konpartsarekin batera. Txosna ere jarri dute.

Orritz taldeaz gain, Irurtzunen beste talde bat ere bada, Iskidi. Hauek Irurtzungo joaldunak dira eta pertsonaia mitologikoak ere ateratzen dituzte Euskal Herriko karriketara. Datorren urtean 10 urte beteko dituzte eta Euskal Herriko joaldunen topaketa antolatzen ari dira. Urte bukaerarako badute proiektu handi bat, egun prestatzen ari direna. Orritz taldeko hainbat lagun Iskidiko kide ere badira, izan ere, Iskidi Orritz taldetik sortutakoa da.

Dantza taldeak bere ibilbideko garai onena bizi ez duen arren, aurrera egingo dute. Duela 10 urte, jende kopuruari dagokionez, egoera hobea bazen ere, pozik daude. Taldean mutil gehiago izatea nahiko lukete, baina dantza talde gehienen arazoa da hori. Dena den, dantzari ohiak eta taldetik kanpoko askoren laguntza jasotzen dute gauzak antolatzeko orduan. Azken finean, Euskal folklorea eta hizkuntza ez galtzea du xede taldeak.

bidaiak

Atzerrira hainbat bidaia egin dituzte; Alemania hirutan bisitatu dute, Asturias, Cadiz, Galizia, Lleida, Benidorm... joan den urtean Bartzelonako Euskal Etxetik deitu zieten eta bertan igaro zuten asteburua.

taldea

Orritz eta Iskidi taldeak emanaldi ugari egiten dituzte urtean, eta saio horietan, dantzariek, joaldunek, pertsonaia mitologikoek, musikariek eta Irurtzungo gaiteroek hartzen dute parte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo